Iñaki Murua eta Ane Iriartek irabazi dute XXXVII. San Bartolome saria

Irati Saizar Artola 2018ko ira. 2a, 13:57

Ibarrako Kirol Elkarteak antolatzen duen XXXVII. San Bartolome saria jokatu da goizean, eta helmuga gurutzatzen lehenak Iñaki Murua eta Ane Iriarte izan dira. 

Hitzordua 10:00etan zuten, Ibarrako plazan. Lasterketa hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute Pablo Arsuagaren omenez. Tolosatik barrena, Lizartzara joan dira txirrindulariak. Handik, berriro ere Amaroztik barrena Ibarrara bueltatu dira, eta buelta berbera egin dute beste behin. Behin bigarren buelta eginda, suhiltzaileen biribilgunetik N-1 errepidea hartu dute eta Amezketatik igaro ondoren Altzora igo dira. Berriro Alegiara jaitsi, Amezketatik pasa eta Altzo igo behar izan dute. Txaramatik barrena Tolosara gerturatu, eta Ibarrako Uzturpe ikastolan amaitu dute 79 kilometroko ibilbidea. 57 txirrindularik lortu dute ibilbidea amaitzea. 

1:56:08an sartu da lehen txirrindularia helmugara. Limousin taldeko Iñaki Murua izan da. Jarraian zuen Ulma taldeko Julen Otero, baita Loiumateko Iñigo Colina ere. Emakumezkoetan, bi parte hartzaile izan dira, eta Euskadi Murias taldeko Ane Iriarte izan lehena helmuga gurutzatzen. Bigarren postuan iritsi da talde bereko Miriam Gardachal. 

Lasterketan bigarren postua lortu duen Julen Oterok, mendiko txirrindulari onenaren saria ere lortu du, eta Loiumat taldearentzat izan da talde onenaren saria.

Lasterketako sariak banatzen hasi aurretik, tarte bat hartu dute denboraldi itzela egin duen txirrindulari bat omentzeko, Nahia Amondarain saritzeko.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!