Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Herritarren soka dantza, bertakoei eskainia

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 25a

Ibarrako San Bartolome festak asteburuan murgilduak dira. Gaur, txekor jate jendetsua izan dute eguerdian, eta arratsaldean, soka dantzak bildu ditu herritarrak plazan. Gaztetxea, Txiribitu aisialdi taldea nahiz soka-tira taldea omendu dituzte bertan.

Atzo, San Bartolome egunez, euri ugari egin bazuen ere, gaur arratsaldean, ateri eutsi dio zeruak. Jendez lepo zegoen Ibarrako San Bartolome plaza, eta giro bikaina izan da gaurko soka dantza saioan. Gainera, Alurr dantza taldeko dantzariek, Gaztetxeko, Txiribitu aisialdi taldeko nahiz Ibarrako soka-tira taldeko kideak omendu dituzte. Lehen biei, 25. urteurrena dutela eta, herriagatik egin duten lana eskertu nahi izan diete. Kirol taldeari dagokionez, ibilbide oparo bezain luzearengatik heldu zaio omena. Gainera,

Lehenik, ordea, agurra dantzatu diete bertako hiru partaideri. Ondoren, aurreskuaren eta atzeskuaren desafioa heldu da. Gero, soka dantza osatu dutenek, taldeka, azeri dantza eskaini diete bertaratutakoei. Ondoren, aurreskuaren nahiz atzeskuaren agurra heldu da; zein baino zein hunkigarriagoak. Eta beste behin ere desafioa dantzatu ondoren, amaitzeko, fandangoa, arin-arina eta kalejira egin dituzte. Guztiak, Ion Garmendia eta Iñaki Letamendia aita-semeek osatutako txistulari taldeak jota.

Gaur gauean ere, musikak eta dantzak hartuko dute San Bartolome plaza, erromeriaren txanda izango baita. Bihar, kirolaren eguna ospatuko dute, eta etzi, kuadrillek hartuko dute herria, piperra erre aurretik.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!