Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Kantu jiran, txekorra dastatu aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 25a

Ibarrako San Bartolome jaietan, atzoko egun handiaren ondoren, festa herrikoia ospatu dute eguerdian. Bazkal orduan, berriz, San Inazio auzoko frontoian, 300 bat lagun elkartu dira, bertan egin baitute txekor jatea.

Hauspoa Kultur Elkarteak, urteak daramatza San Bartolome egunaren biharamuna goxatu nahian, ekitaldi parte hartzaileak eta dinamikoak antolatzen. Duela urte batzuk arte, garai bateko ezkontzak irudikatzen zituzten, eta iaz, berriz, Pernando Amezketarraren istorioak, antzezlan eder bihurtzea lortu zuten.

Aurten, ordea, antolatzaileetako bat den Onintzak aipatu bezala, "oso zaila izan da, bai jendea erakartzea, baita gero antzezlan bat prestatzea". Hori dela eta, Xantox Agirrezabala gitarra jotzailearen eta GiroArte dultzaina taldearen laguntzaz, kantu jira bat osatu dute, agurra dantzatuz hasi, eta gero, herriko kaleak zeharkatuz eta txoko desberdinetan geldialdiak eginez. Euriak, ordea, festa izorratu nahi izan du, nahiz eta tanten azpian ere, ausartenak dantza egitera ausartu diren. Eguraldi desatseginak, baina, ez du zapuztu kantatzeko gogoz zeuden ibartarren ilusioa. Azkenean, San Bartolome plazan amaitu dute ibilbidea, zain zituzten herritarrei sorpresa bat eskaintzeko.

Sorpresa, hain justu, antzezlan bat izan da. Berezia. "Berez, irailaren 22a da Maite Aranalde preso ibartarraren kartzela zigorraren azken eguna. Espero dugu hemendik hilabete batera, herrian gurekin batera izatea. Hori dela eta, gaurko festa herrikoia, kantu jira eta antzezlana berari eskaini nahi dizkiogu, babesa eman asmoz", azaldu du Onintzak. Antzerkian, euskal presoei bisita egiten dieten bakoitzean, familiek izaten dituzten eragozpen eta zailtasunak irudikatu nahi izan dituzte. Hain zuzen, Aranalderen kasua hartu dute adibide modura.

Ondoren, berriz, herritarrak nahiz ingurutik hurbildutako festa zaleak, girora batu dira, eta txekor zatiak dastatzeko aukera izan dute San Inazio auzoko frontoian, Sendi-Ekintza elkarteak antolatuta. Guztira, 300 lagun inguru elkartu dira. Arratsaldeko soka dantzak, iluntzeko zezensuzkoak eta gaueko kontzertuek emango diete amaiera gaurko egunari. Bihar, kirolaren eguna ospatuko da, eta goizean hasi eta gauera bitarte, ekitaldi andanaz gozatzeko aukera izango da.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!