Lauburuko neskak, txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 21a, 09:45

Lauburuk liga irabazi du, Idiazabal 4-2 garaitu ostean. Datorren asteburuan Euskadiko finala jokatuko dute eskualdeko neskek, eta mailaz igotzea

Liga erregularrean lehen postuan amaitu ostean, play-offak jokatu ditu azken asteotan Lauburuk. Partida bakarreko kanporaketak zirenez, zailagoa izaten da finalera iritsi eta azken garaipena lortzea, neurketa bakarrean erabakitzen baita guztia.

Baina moretxoek beren indarra erakutsiz jarraitu dute azkenera arte eta txapelketa irabaztea lortu dute. Ez edonola, gainera. Etxean, Belabietan, lortu dute garaipena, zaleen aurrean denboraldiari urrezko amaiera emanez.

Ez zen erraza izan. Hasi eta segundo gutxira, huts baten ondorioz, 0-1ekoa sartu baitzuten idiazabaldarrek. Kolpe gogorra izan zen ibartarrentzat. Baina era berean, balio izan zien partidan sartu eta serio demonio jartzeko. Horrela lortu zuten 1-1ekoa.

Berriz ere lasaitu eta 1-2koa sartu zuten goierritarrek. Lauburu ez zebilen nahi bezala. Hala ere, atsedenaldiaren aurretik berdinketa lortu zuten, 2-2koa. Txapeldunek dutena, unerik zailenetan ere eusten jakiten dutela.

Pilak kargatuta atera ziren eskualdeko neskak bigarren zatian, gogotsu. Orduan hasi ziren beren jokoa egiten, baloia azkar eta bizi mugitzen, ondo defenditzen. Idiazabali ez zioten uzten apenas jokorik sortzen. Eta bide horri jarraituz iritsi ziren ibartarren beste bi golak, 4-2. Indargabetu egin ziren bisitariak, eta etxeko taldea hazi. Indartsu aritu zen markagailu horrekin, eta ez zen gehiago mugitu.

Amaieran, festa, kiroltasun osoz. Bi taldeentzat, merezitakoa. Maider Lopezek ere sari bikoitza jaso zuen, berari eman baitzioten ligan gol gehien egin dituen jokalariaren garaikurra. Aurten 17 gol egin ditu. Bigarren golegilea ere Lauburukoa izan da, Lucia Zumeta, 16 gol eginda.

Datorren astean Euskadiko Finala jokatuko du Olatz Artolak zuzendutako taldeak eta, irabaziz gero, mailaz igotzeko aukera izango du. Santurtzin jokatuko dute partida, larunbatean, 18:30ean.

Argazkiak: Alex Matxain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!