«Ea alebinak bezala animatzen diren eskualdeko benjaminak»

Asier Imaz 2018ko mai. 17a, 12:56

Laubururen lehen taldeko atezaina izateaz gain, Lauburu KE-ko zuzendaritzako kidea da Joseba Balerdi (Ibarra, 1990).

Zer moduz doa Lauburu Eskolako izen ematea?

Ezusteko ona eman digu. Alebinen taldea ia osatuta dago. Maila bakoitzean 24 neska-mutilentzat dago lekua, eta alebinetan 30ek eman dute izena.

Benjaminena da beste maila.

Eta hor oraindik plaza libre dezente daude. Adin horretako neska-mutilak animatzen ditugu, beraz, eskolan izena ematera.

Neska-mutilak diozu. Elkarrekin ariko dira, ezta?

Bai, guztientzat dago irekia. Eskola bera Ibarran egongo da, baina Tolosalde osora zabaldutako deialdia da.

24entzat dago maila bakoitzean lekua. Kopuru hori ez duzue zuek jarri.

Ez. Proiektua serioa da, eta horrela eman nahi dugu aurrera. Irizpideak Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritakoak dira. Haur kopuru bakoitzeko irakasle kopuru bat jarri beharra dago. Aurten horrela hasiko gara, eta harreraren arabera hurrengo urteetarako maila gehiagoetara zabaltzen edo plaza kopurua handitzen joan gaitezke.

Maiatzaren 2an zabaldu zenuten izena emateko epea. Noiz itxiko duzue?

Ez dugu epe finko bat jarri. Garbi dago alebinetan beteta dagoela, baina benjaminena falta da. Ikusi beharko da noiz betetzen den.

Horrelako harrera espero al zenuten?

Bagenekien hemen inguruan neska-mutil asko dagoela areto futbola gustatzen zaiona. Lauburu Ibarraren partidak ikustera horietako asko joaten zaizkigu. Ez dakit espero genuen, baina desio bai. Ea alebinekin lortu dena lortzen dugun benjaminekin.

Inguruan ba al da horrelako eskolarik?

Laubururentzat lehen aldia da eta eskualdearentzat ere bai. Gipuzkoa mailan bigarren eskola da, Eskoriatza inguruan baitago bestea.

Ba al dago harrobia deitzerik?

Zalantzarik gabe. Baina helburua ezagutza zabaltzea da. Jarrai dezaten nahiko genuke, eta etorkizunean Lauburu Kirol Elkartea jokalari horiekin osa badaiteke, askoz hobeto.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!