Areto futbol eskola jarriko du martxan Lauburuk

Asier Imaz 2018ko mai. 17a, 10:55

Maiatzaren 2an zabaldu zuten izen emate epea; egun, alebinen mailako plaza guztiak beteta daude, benjaminenak ez ordea.

Ibarrako Lauburu Kirol Elkarteak aspaldiko ametsa jarriko du abian datorren denboraldian, areto futbolean ikasteko eskola berria. Eskola, kirol hau probatu nahi duten Tolosaldeko neska-mutilei zuzendua dago, formakuntza hasierako etapatik egiteko aukera eskainiko duelarik.

Aspaldian mahai gainean egon den proiektua da, baina aurten eman dira sortzeari begira Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzeko pausuak. Ibarrako Udalaren laguntza ere izango du eskola honek, bere kirol teknikariaren bidez. Uzturpe Ikastolaren babesa ere izango du, Ibarrako herriko hezkuntza-zentro gisa.

Eskaintza Tolosaldeko neska-mutil benjamin eta alebinei zuzenduta dago, eta Cesar Roca eta Juanan Rodriguezek gidatutako azpiegitura tekniko kualifikatu bat izango du. Biak Gipuzkoako entrenatzaile eskolako irakasleak dira eta areto futbolean eskatzen den titulaziorik handiena dute; lehenengoak hezkuntzaren munduan eta bigarrenak kirolean duen eskarmentuari lotuta.

Hala ere, ez dira bakarrik egongo. Aitor Arevalo, Jabi Mujika, Mikel Raposo eta Aitor Andresek osatuko dute proiektu berri honen hasierako koadro teknikoa. Arevalo eta Raposo arlo tekniko-taktikoaz arduratuko dira; Mujikak atezainak prestatuko ditu eta Andresek fisioterapeuta lanak egiteaz gain, kirol-ohiturak, elikadura eta prebentziozko lana zaintzeko ardura izango du. Guzti hau, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako kirol proiektuaren barne egongo da.

IZEN EMATEA

Inskripzioa klubeko web orriaren bidez egin ahal izango da, eta inskripzio-ordena zorrotz jarraituko da. Lehenbiziko fase honetan eskolako zuzendaritzak kategoria bakoitzeko 24 neska-mutilen muga finkatu du; teknifikazio saioak ostiraletan izango dira, 17:30etik 20:00etara bitartean, ordu eta laurdeneko bi txandatan banatuta; benjaminekin hasi eta alebinekin amaituz.

Eskola zikloa zortzi hilabetekoa izango da, urriko lehenengo ostiralean hasi eta maiatzeko azken ostiralean amaituko dena. Izen emateak urteko 200 euroko kuota izango du, hilabetean 25na euro, eta bertan sartuta egongo dira ondorengoak: beharrezkoa den erantzukizun zibilaren aseguru poliza, entrenamendurako arropa eta jarduera aurrera eramateko beharko den kirol material guztia.

Lehenengo taldeko jokalariek saioetan parte hartuz lagunduko dute, gaztetxoek, gaur egun klubeko eta Gipuzkoako kirol adierazlerik gorena ondoan izateaz gozatuko dutelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!