Txiribitu: 25 urte eta hazten

Mikel Iraola 2018ko api. 14a, 17:03

165 pertsona bildu dira Txiribitu Aisialdi Taldearen 25. urteurrena ospatzeko, 77 heldu eta 88 haur. Une gozoa bizi du Ibarrako aisialdi taldeak, gero eta gazte gehiago biltzen ari baitira.

Esnatu bezain pronto ospatu dute Txiribituko kideek eguneko lehen gauza: eguzkiaren irteera. "Beldur ginen, baina sekulako poza hartu dugu eguraldia ikustean", azaldu du Izaskun Urrestarazu begiraleak.

Bada, eguraldia lagun, jendez bete da Ibarrako plaza goizean. Puzgarriak jarri dituzte, eta ez haurrentzat soilik: "Helduek ere hartu dute parte, jolasean izan dira". 25 urte hauetako argazkiak ere jarri dituzte ikusgai.

Ondoren, pintxo lehiaketa egin dute. 10 taldek hartu dute parte eta Ainhoa Bengoetxea gurasoarena izan da irabazlea. Epaimahaiak ebatzi du ganba eta barazkiekin egin duen bricka izan dela onena. "Bera izan da parte hartu duen guraso bakarra, eta asko eskertzen diogu bertaratu izana. Sukaldari bikaina da, gainera", azaldu du Urrestarazuk.

165 lagun elkartu dira, plazako estalpean bazkaltzeko. Topa ere egin dute, urte hauetako ibilbideagatik. Ondoren, eskertza ekitaldia eta Errukirik Gabe taldearen kontzertua izango dute.

Txiribitu, hazten

Txiribitu Aisialdi Taldea asko hazi da. Bistakoa da: inauterietan, esaterako, duela urte batzuk 30 lagun baino ez ziren ateratzen; aurten 180 inguru izan dira. Pozik dira taldeko kideak hazkundearekin: "Gero eta haur gehiago daude. Gero eta gazte gehiago animatzen dira begirale izatera. Eta eskertzekoa da parte hartze hori", aitortu du Izaskun Urrestarazuk.

Horrek ere eragina izan du herrian: "Askotan esaten da gazteak ez dugula parte hartzen, baina Ibarran, aisialdi taldea, behintzat, oso bizirik dago eta ezin gara kexatu", dio Urrestarazuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!