Txinatik bueltan

Asier Imaz 2018ko martxoaren 28a

Udaletxean omenaldia egin diete Ibarrako Sokatira Taldeko kideei, Munduko Txapelketan egindako lanagatik.

Txinako Munduko Sokatira Txapeketatik etorri berritan, Ibarrako Sokatira Taldeari omenaldia egin diote herriko etxean. Udal ordezkariak eta tiratzaileen senide eta lagunak bertan izan ziren. Taldeka eta Euskal Herriko selekzioa ordezkatuz, ibartarrek lau domina lortu zituzten Txinan, brontzezko hiru eta zilarrezko bat. 

Lierni Arozena ibartarra, taldeko gazteenetarikoa da. 17 urteko tiratzailearentzat lehen Munduko Txapelketa izan da. «Edozeinek ez du izaten horrelako esperientzia bizitzeko aukera; balantzea oso positiboa da. Bidaia hauetan asko ikasten da, kirolaz aparteko ikasgai txiki asko jasotzen dituzulako».

Iaz hasi zen sokatiran Arozena, denboraldi erdian. Espero ez zuen dominarekin itzuli da etxera: «Podium-era gainera hiru euskal talde igo ginen. Oso momentu polita izan zen. Guk ez genuen espero domina lortzerik, eta brontzezkoa urrearen pareko saria izan da».

Lander Otermin, aldiz, taldeko beteranoetakoa da. 36 urterekin hamar bat Munduko Txapelketa lehiatuak ditu, lur eta goma gainean. Txinan antolakuntza ona eta maila handia aurkitu dutela dio: «Hala eta guztiz ere, txinatarrak izanik ikuskizun handiagoa espero genuen». Euskal taldeak bere mailan ibili direla dio Oterminek, eta lau domina Ibarrara ekartzea emaitza oso ona dela nabarmendu du: «Dominak oso garesti egon dira, eta urrea zer esanik ez. Zerrenda begiratu eta irlandarrak, eskoziarrak, etxekoak... talde eta selekzio oso indartsuak ikusten zenituen. Multzoko bi onenen artean sailkatzea oso zaila zen, eta gero hortik zerbait ateratzea oraindik eta zailagoa».

Txinan Euskal Herriko selekzioa ordezkatu dute, nahiz eta beldur ere baziren: «Ederra da Euskal Herria ordezkatuz lehiatzea. Kontua da noiz arte utziko diguten». Lierni Arozena eta belaunaldi berriarekin ere gustura dago Otermin, eta jarraitzera animatu nahi ditu, izan ere, «jende berririk gabe hemen ez dago ezer».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!