Txapelarekin hasi dute 8x8ko denboraldia Ibarrako tiratzaileek

Asier Imaz 2018ko urt. 24a, 09:08

640 eta 600 kiloko jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan Ibarrako gizonek; emakumeek 540 kilotan bi jardunaldi jokatu dituzte.

8x8ko denboraldia txapela irabaziz hasi dute Ibarra Sokatira Taldeko mutilek. 680 kilotan jardunaldi bakarra jokatu zen, eta bertan lortu zuten txapela ibartarrek. Lorpen hori duela bi asteburu izan zen, izan ere, azken asteburuan 640ko lehen jardunaldia jokatu zen. Kasu honetan, txapela hirugarren jardunaldian erabakiko da. Aurrez bi kanporaketa jokatuko dira, eta sei onenek finalerako txartela lortuko dute. Anjel San Roman entrenatzaileak dioen bezala, beraz, «garrantzitsuena lehen seiren artean sailkatzea da». Helburu hori lortzeko bidean dira ibartarrak, lehen jardunaldian laugarren geratu baitziren.

Asteburu ezohikoa izango da oraingoa. Igandean 640 kilotako bigarren jardunaldia jokatuko dute Azkoitian, baina larunbatean, 600 kilotako txapelketarekin hasiko dira. «Egutegia antolatzerakoan trakets ibili dira, eta horregatik egin dute egin dutena», dio San Romanek.

Aurten Munduko Txapelketaren urtea da, eta martxoan Txinara joango dira Ibarrakoak. Angel San Romanek giro itxaropentsua sumatzen du taldean: «Domina bat irabazteko gogoz dago jendea, eta egia esan, aukerak badirela uste dut. Agian 600 kilotan». Taldea oso indartsu dago, eta aurkariek ere hori sumatu dute. «Txapela irabazi genuenean beste taldeak txiki utzi genituen. Aurkari batek esan zigun, gure aurka tiratzea horma baten aurka aritzea bezala zela. Lore polita da. Egia da taldea oso ondo ari dela lanean, eta urte hauetako lanarekin maila mantentzea lortu dugula. Beste talde batzuk behera egin dute, jendea joan zaielako. Guri ere gertatuko zaigu hori, eta orduan, beste talderen batek gu utziko gaitu txiki. Baina bizitzaren legea da hori», dio San Romanek.

540 KILOTAN

Ibarrako neskak ere hasi dira 8x8an. Asteburuan bigarren jardunaldia jokatu zen, eta ibartarrak hirugarren sailkatu ziren. Badaiotzek irabazi zituen tiraldi guztiak, eta lehen jardunaldian egin bezala, aurrena amaitu zuten. Txapela, beraz, eskuetan dute gasteiztarrek. Bigarren Gaztediko tiratzaileak geratu ziren, ibartarren aurretik. Bigarren jardunaldiko sailkapena Lesakako Beti Gazte taldeak itxi zuen, laugarren eginaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!