Ibarrako kultur etxea behar berrietara egokitu dute

Ataria 2018ko urtarrilaren 17a

Ibarrako kultur etxeko areto nagusian lanean aritu dira azken asteetan, eta urtarrilaren bukaerarako egongo da erabilgarri. Udalak azaldu duenez, teknologia berrietara egokitu nahi izan dute eta soinu ekipamendua, bozgorailuak eta mikrofonoak berritu dituzte, besteak beste.

"Egin diren lanak ekipamendua gaur egungo teknologiara eta baliabideetara egokitzeko helburuz egin dira", esan du udalak. Alde batetik, soinu ekipamendua aldatu dute eta digitalera pasatu, eta bestetik, soinu mahaia, bozgorailuak eta mikrofonoak aldatu dituzte.

Era berean, agertokiko argiztapena berritu dute eta LED sistemako fokuak jarri dituzte. Proiekzioak egiteko proiektorea ere berritu dute eta baita hainbat formatu irakurtzen dituen gailua jarri ere. Agertokiko oihalak ere berritu dituzte, eta aurki aretoaren automatizazioa egingo dute.

Lan horiek guztiak egiteko, 27.000 euroko inbertsioa egin du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!