Txontxo udal lokalak herritarren eskura jarri ditu udalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 11a, 12:44

Ibai-Gainen daude berritu dituzten lokalak; bilerak, batzarrak, hitzaldiak, aurkezpenak eta ikastaroak egin daitezke bertan.

Ibarrako Udalak Ibai-Gain kaleko 4 zenbakian dauden Txontxo udal lokalak berritu eta birgaitu ditu.
Asmoa lokal horietan herriarentzat onuragarriak izan daitezkeen jarduera soziokulturalak egitea da eta horregatik arautu du erabilera Ibarrako Udalak. Horiek horrela, Txontxo udal lokalak herriko elkarte, eragile eta herritarren eskura jarri nahi dituela gaineratu du.

Ibartarrei zuzenduta
Berritutako lokalak «herriko bizitzarekin» zerikusia duten jarduerak egiteko erabili ahal izango dira, eta eskaerak Ibarrako irabazi asmorik gabeko pertsona fisikoek eta juridikoek, zein elkarte edo taldeek egin ahal izango dituzte.

Erabilpenari dagokionez, nagusiki «herriarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko jarduera kulturalak, soziokulturalak eta hezkuntzazkoak» izan beharko dira, eta askotariko erabilpena izango badute ere, nagusiki bilerak, biltzarrak, hitzaldiak, aurkezpenak eta ikastaroak egin ahal izango dira bertan.

Epe motzerako edo luzerako
Erabilera motari dagokionez, erabilera zehatza egin ahal izango da, hau da, egun bakarrean edota ordu bakar batzuetan erabili ahal izango da.

Aldi baterako erabilera ere egin ahal izango da, «hainbat egunetako edota iraunaldi zehatzetako erabilera eskatzen denean erabili ahal izango da eta urte bete baino gutxiagoko epealdirako eskatu ahal izango da». Eta denbora luzerako ere erabili ahal izango da, eskaera urte beteko eperako egin beharko delarik.
Lokalak erabiltzeko interesa duten herriko elkarte eta eragileek kultur etxera jo beharko dute, bai informazio gehiago eskuratzeko eta baita eskaera egiteko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!