Ibarrako Udalak 2018ko zergen egutegia argitaratu du. Kobratuko duten lehen zerga TAOari dagokiona izango da; urtarrilaren 20tik otsailaren 10era ordaindu beharko da. Ordainketak «ahal den errazena» egiteko udalak ordainketak helbideratzea aholkatu du. Udalak gogoratu du, era berean, ordainagiriaren titularra aldatzen bada, edo, esaterako, beste ibilgailu bat erosiz gero, helbideratze agindua berriz formalizatu behar dela.
Herritar batzuek, hobariak eskatu ahal izango dituzte, zehazki, ondasun higiezinetan, hondakin bilketan, ur eta estolderia zerbitzuan eta ibilgailuen gaineko kuotetan eskatu ahal izango dituzte salbuespen eta hobariak. Eskaerak egiteko azken eguna martxoaren 1a izango da, eta hauek eskatu ahal izateko baldintza guztiak www.ibarra.eus webgunean daude. zergabilketa@ibarra.eus helbidera idatzita ere egin daitezke galderak.
Horiek horrela, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %25eko hobaria eskatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Hutsen Programa barruan daudenek, eta %50ekoa familia ugaria dutenek.
Hondakin bilketari eta ur zein estolderiaren zerbitzuan dagokienez %100eko hobaria eskatu ahal izango dute familia unitatean 2018an indarrean dagoen lanbidearteko gutxieneko soldata baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergan ere %100eko hobaria eskatu dezakete, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailua dutenek, edota 14 zaldi fiskaletik beherako ibilgailua dutenek, baldin eta, desgaituen izenean matrikulatuta egonik beraiek ez beste inork erabiltzen badu. Era berean, ibilgailu historikoek, edota gutxienez 25 urte baino zaharragoak diren ibilgailuek, %50eko hobaria izango dute eta baita familia ugaria dutenek.
ZERGA EGUTEGIA
TAO. Urtarrilaren 20tik otsailaren 10era.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga. Otsailaren 26tik apirilaren 9ra.
Kiroldegiko tasa. Martxoaren 1etik martxoaren 15era.
Kirol ikastaroen 2. aldia. Martxoaren 15ean.
Zabor bilketaren 1. seihilekoa. Martxoaren 9tik apirilaren 25era.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga. Maiatzaren 14tik ekainaren 29ra.
Zabor bilketaren 2. seihilekoa. Uztailaren 16tik irailaren 24ra.
Ibilgailuen sarrera tasa, jaberi publikoaren erabilera. Irailaren 21etik azaroaren 5era.
Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga. Urriaren 3tik azaroaren 9ra.