Urriaren 5ean hasiko da berriz ere, Ibarra Martxan

Ataria 2017ko ira. 29a, 11:25

Belaunaldien arteko topaketa egingo dute ekimenari hasiera emateko; 11:00etan elkartuko dira Emeterio Arresen.

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, ikasturte honetan ere, Ibarra Martxan ekimena abiaraziko dute. Urriaren 5ean 11:00etan elkartuko dira Emeterio Arreseko pilotalekuan ekimena abiarazteko, eta belaunaldien arteko topaketa egiteko asmoa dute. Horiek horrela, Uzturpe ikastolako 2 urtekoen eraikina gertu dagoenez, ikasle eta irakasleak gerturatuko dira eta Bizi Nahi erretirodunen elkarteko jaiak egun horretan hasiko direnez, elkarteko kideek egingo diete harrera Ibarra Martxaneko erabiltzaileei eta hamaiketakoa ere eskainiko diete.

Eragile eta norbanakoak

Ostegunero bilduko dira ibilbide osasuntsua egiteko eta orain arte bezala, erizain baten laguntza izango dute. Era berean, aurten hainbat ikastaro egingo dituzte. Batetik, lehen laguntzen ikastaro bat egingo dute, bestetik adinekoei zuzendutako bide segurtasunari buruzkoa egingo dute eta bukatzeko San Inazio auzoan dauden ariketak egiteko aparatuetan ere egingo dute saio bat. «Bestalde, abestea Ibarra Martxanen asko gustatzen zaienez, eta jada ohitura bihurtu denez, kantuz osatutako liburuxka bat egitea aurreikusi dute», azaldu du Ibarrako Udalak.

Ibarra Martxan ekimenean norbanakoek hartzen dute parte eta baita herriko hainbat eragilek ere; Uzturpe ikastola, merkatarien elkartea, Bizi Nahi elkartea, Garagune, Ilargi, parrokiako gaixoen pastorala eta osasun etxea. «Antolakuntza lanetan osasun etxekoen laguntza garrantzitsua azpimarratzekoa da beti», esan du udalak.

Ibarra Martxan ekimenak parte hartzea, osasuna eta kaleko harremanak bultzatzea du helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!