Saneamendu eta ur hornidurako lanak, osasun etxe ingurura

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 14a, 12:50

Ibarran hainbat lan egiten ari dira; gaur hasiko dituzte bigarren faseko lanak eta hiru astez ariko dira bertan.

Gipuzkoako Urak-ek saneamendu eta ur hornidura sarean berritze lanak egin behar ditu Ibarran. Lehen fasea bukatu dute jada, Uzturre auzoaren sarreran eta Eguzkia Alde auzoan aritu dira orain arte, eta gaur bertan hasiko dira bigarren fasearekin.

Gaurtik aurrera, hortaz, osasun etxearen inguruan ariko dira eta aurreikuspenen arabera, hiru astez ariko dira bertan. Lanak direla eta, oinezkoen mugikortasunean eta trafikoan eragozpenak izango dira datozen asteetan zonalde horretan.

ERAGOZPENAK

Zonaldeko bizilagunek izango diren eragozpenen berri jasoko dute Gipuzkoako Urak-en eskutik, izan ere, Euskal Herria 17 eta 19 zenbakien arteko aldapa itxiko dute tarteka eta ur mozketak ere izango dituzte.

Behin osasun etxe inguruko lanak bukatuta Txumitxa tabernaren ingurura joango dira lanekin jarraitzeko.

Guztira 4 hilabete beharko dituzte Euskal Herria kalean zehar egin behar dituzten lan guztiak egiteko eta proiektua Gipuzkoako Aldundiak GI-2130 errepidean egin beharreko asfaltatze eta urbanizatze lanekin batera egingo dituzte, une egokia hori dela iritzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!