Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Ibarrako jaietan herritar batek jasotako jipoia gaitzetsi dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 5a, 10:13

Kuadrilla Egunaren biharamunean izan zen erasoa

Erasoa «zentzugabea eta guztiz neurrigabekoa» izan zela esan du Gazte Asanbladak eta mota honetako jarrerarik ez duela onartuko nabarmendu du.

Ibarrako Gazte Asanbladak jaietako Kuadrilla Egunaren biharamunean gertatutakoa gaitzetsi du. «Ibarrako herritar batek izugarrizko jipoia jaso zuen hiru gazteren partetik», esan du asanbladak, herriko hainbat eragilerekin batera kaleratutako oharrean. «Ibarrako herritar baten aurkako eraso fisiko zentzugabea eta guztiz neurrigabekoa izan zen, honek ekar ditzakeen ondorio guztiekin», nabarmendu du. Era berean, erasotzaileek gaueko zenbait momentutan barran lanean zeudenekin eta parrandan zeudenekin jarrera «oldarkorra» izan zutela esan dute asanbladako kideek. «Jarrera guztiz desegoki honek, herritar guztien artean egiten diren jaietako giro ona zapuzten» duela nabarmendu dute.

«Bestalde, jai herrikoi hauek herritar askoren elkarlanarekin eramaten dira aurrera eta jaietarako guneetan izaten diren jokabide desegoki hauek oztopo hutsak besterik ez dira lanarentzat. Gure proiektu honen bitartez, herriari ekarpen bat egiteko helburua duten gunean sortzea bultzatzen dugu eta gertaera gaitzesgarri hauek, kalte zuzenak eragiten dizkiete gure proiektuei», gaineratu du asanbladak. «Azkenik, erasoa jaien  parte sentitzen direnen aurkako eraso gisa ere ulertzen dugu». Horiek horrela erasotua izan den ibartarrari elkartasun eta babes osoa adierazi nahi izan diote eta esan «jarrera hauek ez direla onartuko ez hemen eta ez inon».

Jipoia ez da, hala ere, jaietan egondako gertaera bakarra eta horiei buruz ere hitz egin du asanbladak: «Gure herriko jaietan ere izan dira beste zenbait jokabide desegoki ere. Horregatik, lapurreta saiakerak, lanean ari zirenekiko errespetu faltak eta bestelako portaera desegokiak gaitzetsi nahi ditugu, guztiz leku kanpo baitaude bai hemen eta  baita beste edozein herritan ere».

Jai Batzordeak bilera egingo du etzi, osteguna, jaien balorazioa egiteko, eta bertan gai hau eta beste izango dituzte hizpide. 19:30ean elkartuko dira udalbatza aretoan. Herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!