Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Plazan dardaraka, aparrarekin

Ataria 2017ko abuztuaren 25a

Ibarrako San Bartolome festak heldu dira erdialdera. Gauean jende asko espero bada ere, arratsaldea aprobetxatu nahi izan dute haurrek, apar festan freskatuz, beroari aurre egiteko helburuarekin.

Haur ugari bildu dira arratsaldeko 17:00etan hasi den apar festan. San Bartolome plazan soinu frogak zirela eta, lekuz mugitu dute jarduera, eta Ibarrako Azkue auzoko plaza, txiki geratu da. Txiki, eta blai eginda. Baina, egia esan, gaurko beroari aurre egiteko, osagai onena izan da bitsa. Haurrak, aparraren zuritasunean galduta ibili dira, eta gehienek, jolas ezberdinetan aritzeko aukera baliatu nahi izan dute. Etxeko txikien gurasoek ere unea baliatu nahi izan dute argazkiak ateratzeko. Ondoren, haur gehienak igaro dira errekatik, apar arrastoak kentzeko. Eta errekatik irten ondoren, guztiak dardaraka, aire hotzaren ondorioz.

Lehen esan bezala, gauean, jende asko hurbiltzea espero da. Izan ere, gaurkoan, izen handiko bi taldek eskainiko dute kontzertua plazako oholtza gainetik: The Hastelen's eta Riot Propaganda. Bestelako musikaren zaleek ere, izango dute beraien aukera. Hain zuzen ere, Txumitxa tabernaren atzeko plazan ariko baita DJ Andoni. Musikarien txanda iritsi aurretik, ordea, herri kirol saioa eta gauero egiten den zezensuzkoa ikusi ahal izango dira. Hemen duzue gaurko egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!