Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Pernandok Izaskunen ostu zuenekoa

Ataria 2017ko abuztuaren 25a

Ibarrako Hauspoa kultur elkarteak antolatuta, Pernando Amezketarra Ibarran kale antzerkia egin dute, eguerdian, herritarrek. Eguraldiak lagunduta, umorea eta giro ona izan dira protagonista Ibarrako txoko guztietan.

Datu basean Ibarra hitza jarri eta agertzen diren dokumentuetan ikuskatu ondoren, istorioak moldatzen dituzte herritarrek. Horrela hasi ziren duela hamarkada bat, txekor jatera gizonezkoak soilik joaten zirenean. Orduan, usadioa gizarteratu beharra zegoela eta, emakumeak sartzeko asmoz, ezkontzak antzezten hasi ziren. Azken urteetan, berriz, umorezko pasarte eta istorioek hartu dituzte Ibarrako kaleak.

Gaurkoan, Pernando Amezketarraren bisita jaso dute herrian. Antza, eta dokumentuetan begiratuta, Pernandok, bi ardi lapurtu zituen behin Izaskun auzoan, Villabonako lagun baten laguntzaz, eta istorio hori abiapuntutzat hartuta, gaur antzeztutako lau pasadizoetan, adin ezberdinetako Pernando izan da protagonista. Batean, haurra zela, emakume bati oilaskoa ostu zioneko istorioa antzeztu dute, bestean, berriz, behin egindako apustu batean galdutako dirua berreskuratzeko egindako lapurreta kontatu dituzte. Horrela, bi ardien istoriora heldu arte.

Gainera, antzezlan labur horiek, herriko lau gune ezberdinetan egin dituzte. Lehena, Idoiaga plazan, Olarrain elkartean zerbitzatutako hamaiketakoarekin sabela bete ondoren. Hurrena, Txumitxa tabernaren atzeko plazan egin dute. S.D. Ibarra elkartearen ondoko iturrian eta herriko erdigunea den Emeterio Arrese parkean ere antzeztu dute. Herritar ugari bildu dira antzezlanak ikustera eta herriko trikitilariek eta Giro Arte dultzaina taldeak girotu dute eguerdia. Arratsaldean, txekor jatearen ondoren, jarraituko du festak. Hemen duzue gaurko egunerako prestatu duten ekitaldi zerrenda.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!