Txupinazoaren aurretik, ordea, XXIX. San Bartolome bozeto lehiaketako eta II. diseinu lehiaketako irabazleei, sariak banatu dizkiete, San Bartolome plazan. Bozeto lehiaketan, Alain Barriola eta Naroa Telleriak lortu dute saria, eta festetako egitarauaren azaleko diseinurik onena, berriz, Aritz Peredarena izan da. Axun Arangurenek eta Pili Goikoetxeandiak eman dizkiete opariak garaileei.
Ondoren, urduritasuna nagusi. Pixkanaka betetzen joan da plaza, eta udaletxe aurrean, etxeko txikienek hartu dute tokia. Ia denak, niki zuriz jantzita eta zapi morea lepoan lotuta agertu dira. Denak, gaurko protagonistak noiz agertuko zain. Eta, 12:00ak iritsi orduko agertu dira balkoira Sendi Ekintza elkarteko kideak. Emakumezko lehen bazkidea izan zen Mari Karmen Lubert, urte askotan lehendakaria izan den Eli Nosellas, baita Izaskun Ormaetxea eta Mila Lopetegi ere.
Pregoia irakurri eta suziria lehertu ondoren egin du eztanda plazak. Haurrak saltoka aritu dira, txarangak herriko ereserkia jotzen zuen bitartean. Ondoren, gozokiak bota dituzte balkoitik, eta Bartolo eta Bartolarekin batera, aurten lehen aldiz plazaratu dituzten piper buruhandiak kalejiran atera dira herriko txoko ezberdinetara. Horiekin batera, Zizurkilgo eta Villabonako buruhandi eta erraldoiak, bigarren aldia baita topaketa hau egiten dutela. Txarangak girotu du kalejira, Giro Arte dultzaina taldeko musikariekin batera.
Bien bitartean, Ibarrako Merkatari elkartearen eskutik, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan da plazan, eta arratsaldean ere, jarraituko du festak bertan. Haur eta gaztetxoen bazkaria, jolasak, buruhandi eta erraldoiak, bezperako kanpai-jotzea eta salbea, elkartasun afaria, zezensuzkoa eta erromeria. Denetik eta denontzat Ibarrako sanbartolomeetan. Ikusi hemen gaurko prestatu duten egitaraua.