Ibarrako Sanbartolomeak 2017

Piperra barra-barra jan, frijitu, erre...

Egutegiak hala eskatuta, bost egunez luzatuko dituzte San Bartolome festak. Abuztuaren 24an ospatuko da egun handia, eta kuadrillek ere izango dute beren tokia.

Badira gure lurraldean eusko labela duten produktu ugari. Horietako bat omen da ibarrako piparra. Udan, etxe askotako bazkaritan lehen platera osatzen duen jakia. Abuztuaren hondarrean baina, piparra izar bilakatzea lortzen dute Ibarran, bereziak bihurtu diren San Bartolome festetan, hasi eta buka, herritarren aurrean erretzen duten arte.

Aurten, abuztuaren 23an emango zaie hasiera sanbartolomeei. Behin haurren eta gaztetxoen kuadrillak bilduta, Sendi ekintza elkartekoek pregoia irakurri eta suziria jaurti aurretik, San Bartolome bozeto lehiaketako eta Diseinu lehiaketako sariak banatuko dituzte plazan bertan. Bartolo eta Bartola erraldoiak jaitsiko dia ondoren, eta Zizurkilgo, Villabonako eta Añorgako erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera, kalejira egingo dute. Jarraian izango da merkatari taldeak eskainitako hamaiketakoan, gorputza asebetetzeko astia. San Bartolome plazan egingo dute haurren eta gaztetxoen bazkaria, eta segidan, Txiribitu taldeak antolatuta, jolasteko aukera izango dute haurrek. Ondoren, bezperako kanpai-jotzea eta salbea egingo dira elizan, eta elkartasun afaria eta zezensuzkoa eta gero, Ezten giro taldearekin dantzaldia izango da.

Lehen eguna indartsu hasi eta, txistularien dianarekin ekingo diote San Bartolome deunaren egunari. Meza nagusia eta haurren danborrada izango dira goizean. Hamabiak aldera, piparrak eta tomateak dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldean egingo dute helduen danborradako entsegua, gauean Iraunkorrak txarangak alaituta irten aurretik. Tartean, Emeterio Arrese parkeko bertsoak entzun eta zezensuzkoaren aurretik korri egiteko aukera egongo da, Laket taldearekin dantza eginez, eguna behar bezala amaitu aurretik.

Biharamunean, ajea izango dute gainean ibartar askok. Kalera irtetea erabakitzen dutenek, dultzaineroak entzun eta kale-antzerkia ikusi ahal izango dute, bazkal orduko txekor jatearen aurretik. Arratsaldean aparrez bustiko dira haur asko, eta zale sutsuenak, berriz, herri kirolez. Gaueroko zezensuzkoari, DJ Andonik, eta The Hastelen's eta Riot Propagandak emango diote segida.

Hala ere, guztia ez da musika eta jana izango sanbartolomeetan, eta kirolak ere izango du tokia. Hilaren 26an ospatuko dute kirolaren eguna. Goizean, haurren 3x3 futbol txapelketa, toka eta bola txapelketak, xake partiden erakustaldia izango dira, baita diana, txaranga, erretiratuentzako hamaiketakoa eta pipar frijitze lehiaketa ere. Arratsaldean, berriz, pilota partidak, emakumezkoen giza proba eta Errukirik gabe nahiz Alurr taldeen emanaldiak ikusteko aukera izango da, Iratzar taldeak herria dantzan jarri aurretik.

Amaierarako uzten omen da onena. Kuadrillen eguna ospatuko dute igandean. Plazan bildu ondoren, kuadrilla berriari ongi etorria egingo diote, topa egin aurretik. Jarraian, kalejira izango da herrian zehar eta bazkaria egin eta gero, DJ Jotatxok jarriko du musika. Elektrotxarangarekin berriro kalejira egingo dute kuadrillek Oztopo taldearen doinuak entzun baino lehen. Azkenik, piparra erre ondoren, Zesuma taldearen erromeria izango da plazan.

TOLOSALDEKO ATARIAk eta Chroma Branding-ek elkarrekin osatutako liburuxka.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!