Kultura eta euskara bat eginda, Auzoko programan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko uzt. 19a, 11:27

Hirugarrengoz egin dute Auzoko programa Ibarran; euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko helburua duen egitasmoa da.

Ikasturte honetakoa hirugarrena izan da. 2014. urtean abiarazi zuen Ibarrako Udalak Auzoko programa eta azken honekin hirugarrena egin dute. Datorren ikasturtean ere egitasmoarekin jarraituko dute, eta helburua «herritarrak programa honetara gerturatzea» izango dela esan du Gixane Urrestarazu Auzoko programaren dinamizatzaileak.

Ibarrak berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko eta elkarren arteko komunikazioa euskaraz izateko helburuz abiarazi zuten programa. Asmoa egitasmo parte hartzaile bat sustatzea zen, horrela pertsona ezberdinen artean harremanak sortzeko gunea sortuz eta harreman horiek euskaraz izan zitezen sustatuz. «Modu honetara, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbilduko dira», esan du Urrestarazuk. «Gainera, gure herrian dugun hizkuntza aniztasunaz jabetzea ere nahi dugu programa honekin eta aldi berean, hizkuntza desberdin guzti horietako herritarrak harremanetan jartzea dugu helburu, bakoitzarena aintzat hartuaz, baina euskara kohesio hizkuntza izanik», gaineratu du.

AUZOTARRAK ETA AUZOKIDEAK

Auzoko programa bi profilek osatzen dutela esan du dinamizatzaileak: auzotarrek eta auzokideek. «Auzotarrak euskaraz bizi diren herritarrak dira, eta auzokideak euskarara gerturatu nahi dutenak. Herritar guztientzako irekia da eta bi profilak dira beharrezkoak taldea osatzeko».

Ibarran programa hau ezarri zenetik hiru ikasturte igaro dira eta aurtengo lagun taldea asteazkenero elkartu da kultur etxean. Ikasturte honetan, 10 lagunek hartu dute parte eta jatorriak askotarikoak izan dira: Argentina, Kuba, Maroko, Pakistan, Salamanca, Sahara eta Ibarra. Urrestarazuk azaldu duenez, euskara eta Ibarran bizi diren gainontzeko hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko ariketa honek, aurtengorako ezarritako helburuak bete ditu. Izan ere, kopuru ona izan du urtean zehar taldeak eta herriko ekintzetan ere parte hartu dute: babarrun jatean, Korrikan, Auzoko dokumentalaren aurkezpenean…

Datorren ikasturterako erronka, auzotarrak (euskaldunak) taldera gerturatzea izango dela aurreikusi du Gixane Urrestarazuk, «taldeak aniztasun handiagoa izan dezan». Bide horretan, taldea herritar orori irekia dagoela adierazi du eta herritarrak animatzeko deialdia luzatu: «Herritarrek, harreman berriak egiteko aukera izango dute, kultura eta hizkuntza ezberdinak ezagutzekoa, gure hizkuntza euskara taldekideei ezagutaraztekoa, herrian dugun aniztasuna zeinen aberasgarria den ohartzekoa...».

Datorren ikasturtean Auzoko programan parte hartu nahi duten herritarrek udaletxean edo kultur etxean eman dezakete izena. Informazio gehiago eskuratzeko eta baita izena emateko ere 661 74 58 75 telefono zenbakira deitu daiteke edo ibarrauzoko@gmail.com helbidera idatzi.

Erlazionatuak

'Ataria', euskara ikasten jarraitzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 uzt 19 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!