Herri giroaren hauspoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 30a, 08:00

2007ko Ibarra, Azoka eta Piparra azoka berezia.

Hauspoak 20 urte beteko ditu datorren urtean. Taldearen etorkizuna zalantzan dago ordea, ekitaldi jakinetan lanerako jendea badute ere, eguneroko martxarako pertsonak behar dituzte.

Ia 20 urte egin behar da atzera, Hauspoa elkartearen sorrerara jotzeko. 1998. urtean sortu zuten Ibarrako Hauspoa elkartea, Ibarrako kultur elkarteen elkargunea dena, hain zuzen. Urte hartan Kilometroak jaia Tolosa, Ibarra, Anoeta eta Iruraren artean antolatu zuten eta orduan erabaki zuten Hauspoa ere sortzea.
Jokin Sarasola ibartarrak ondo ezagutzen du Hauspoa, sorreran eta elkartearen ibilbide guztian egon baita. «Urte hartako Kilometroak antolatzea egokitu zitzaigun, proiektu handia zen hori eta ez geneukan mugimendu herrikoirik. Jaiaren harira herriko elkarteak bildu ginen eta hitz egiten hasi ginen. Jende dezente bildu ginen eta Kilometroak atera zen. Mugimendu oso polita sortu zen eta hura mantendu nahian hasi ginen. Talde bat bildu eta herriko elkarteen bilgune izango zena sortzea erabaki genuen. Horrela sortu zen Hauspoa», esan du.

Gaur egun elkarteek parte hartzen dute Hauspoan, baina ez bakarrik, norbanakoek ere osatzen dute elkartea. «Elkarteak Hauspoako zuzendaritzan daude, horrela funtzionatzen dugu, baina elkarteetako zuzendaritza guztiak ez dira berdinak. Xeplak bere elkarte propioa egin du, zuzendaritzatik aparte, eta bertan dago Hauspoa, baina beste elkarteek ez dute hori, esaterako. Ni mantentzen naiz, ez Sendi Ekintza bezala –Hauspoa sortzerakoan Sendi Ekintza elkarteko kidea zen Sarasola–, norbanako bezala baizik, eta hor ireki zen beste ate bat; hau da, lana egiteko prest zegoen jendea elkartzearena, ez elkarteak bakarrik», azaldu du.

1998an martxan jarritako proiektua 1999. urtean gorpuztu zela dio Sarasolak eta diru-laguntzak eta abar kudeatu ahal izateko Hauspibarra bezala eman zuten izena.  

Sua indartzeko
Hauspoa izena «suari eta herriari indarra emateko» sortutako taldea zelako jarri zioten eta urte hauetan guztietan ekitaldi bat baino gehiagoren atzean egon dira. Batzuk jarraitzen dute eta handituz joan dira eta beste batzuk, bidean geratu dira. Ikasturte hasierarekin egiten duten Ibarra, Azoka eta Piparra azoka berezia da indartuz joan den ekitaldi horietako bat. Garai batean Euskal Herria kalean egiten zuten, eta gaur egun gune gehiagotara zabaldu da; Emeterio Arrese, plaza eta Arane iturrian biltzen dira baserritar, ganaduzale eta artisauak, besteak beste. Santa Ageda bezperan baserriz baserri kantuan ateratzeko ohitura ere berreskuratu zuen Hauspoak. «Asko eskertzen dute, asteburuan egokituz gero Ibarrako baserri guztiak pasatzen ditugu eta bestela Izaskungoak pasatzen ditugu, kalean aterako direnak badaude, gu baserriz baserri ibiltzen gara eta oso giro polita izaten da. 35 bat lagun biltzen gara egun horretan». Hurrengo hitzordua San Joan bezperako sua izango da. Hauspoak antolatu ohi du eta herritar asko, geroz eta gehiago, elkartzen dira plazan.

Lekukoa pasatzeko beharra
20 urte hauetan gauza «oso politak» egin dituzte, beharrezkoak direnak herria egiteko Sarasolaren hitzetan, baina jada lekukoa hartuko duten herritarrak behar dituzte. «Momentu bat iritsi da non ez dugun zalantzan jartzen zer egiten duen Hauspoak edo beharrezkoa den ala ez, jende gehiagoren konpromisoa behar dugu, hori da kontua, bileretan parte hartzeko, behinik behin. Geroz eta gutxiago geratzen gara eta gu ere adinean gora goaz, jende berria behar du Hauspoak».

«Herri giroa sortzen laguntzen dugu, sortzen bakarrik ez, baita jendearen komunikazioa lantzen eta herri honetan gustura bizitzeko aukera ematen ere. Giroa aldatu egin da, hobera, eta horretan lagundu du Hauspoak», gaineratu du.

Helburua argi daukatela dio, hori ez dela aldatuko, baina jende berriak ideia berriak ere ekarriko dituelakoan daude, eta horregatik egin dute deialdia. «Gutxi izango dira ia 20 urte dituzten elkarteak, are gehiago, boluntariotzan oinarritzen diren elkarteak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!