Mikel Agirrezabala: «Aurrekontu orekatua egin dugu, kapitulu guztietan daude berrikuntzak»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urtarrilaren 20a

Mikel Agirrezabala Ibarrako alkatearen hitzetan aurrekontu orekatuak izango ditu Ibarrak 2017an.

Nola definituko zenuke onartu berri duzuen aurrekontua?
Orokorrean aurrekontu orekatua dela esango nuke. Kapitulu guztietan daude berrikuntzak.

Zeintzuk dira berrikuntza horiek?
Lehen kapitulua langileei dagokie, pertsonal gastuak edo, eta horretan dagoen berrikuntza da hiru langile gehiago kontratatzea aurreikusi dugula. Datozen hilabeteetan Udaltzaingoa izango dugu eta lanpostu horietarako gorde dugu diru partida.

Azken urteetan irisgarritasuna hobetzeko lanetara bideratu duzue partida bat, aurten?
Urtero oso partida txikia izaten zen irisgarritasuna hobetzeko, eta aurten 56.000 euroko partida onartu dugu.

Oinezkoen herri bideak hobetzeko partida bat onartu duzue ere.
12.000 euro aurreikusi ditugu Emeterio Arresetik hilerrira doan herri bidea hobetzeko. Azken urteetan atera den ideia izan da herri bideak txukuntzearena, baina orain arte ez dugu egiterik izan. Leaburuko aldapan oinezkoentzako arriskua dago, ez da leku egokia oinezkoentzat, eta horri ere irtenbidea eman nahi diogu bide hori txukunduz.

Eta euskarari dagokionez, zein asmo dituzue?
Euskararen erabilera areagotzeko Euskararen Mahaiaren proposamen bat aintzat hartu dugu eta 13.000 euro bideratuko ditugu horretara. Nabarmentzekoa da lehen aldiz euskara ikastea doakoa izango dela, udalak %100ean finantzatuko baititu ikastaroak.

Izaskunera begira jarriko zarete.
Urteetan ez da ezer egin han eta gaiari heltzeko garaia da. Auzo elkartea osatu berri dute bertan eta hainbat eskaera egin dizkigute. 5.000 euroko diru laguntza emango diegu eta bertan frontoi-estalpe edo dena delako bat egiteko aukera aztertzen ari gara. Horretarako dena den, lursaila erosi behar dugu lehenago eta 12.000 euro bideratuko ditugu horretara, bertan ez baitugu lursailik.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Egoera onean gaude, zor bizia 1.700.096 eurokoa da. Ratioak sarrerak eta zor bizia alderatuta lortzen da, eta gurea %34,13koa da. Foru Aldundiak %77ko artekoa onartzen du, beraz egoera onean gaude. Iazkoa baino ratio hobea dugu, eta Foru Aldunditak emandako datutik urrun gaude. Maileguei dagokienez, altuena gazteen etxebizitzengatik dugu. Ez dugu gehiago zorpetzea aurreikusten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!