Auzoetako beharrak asetzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 20a, 08:00

90.000 euro bideratuko dituzte Guridi kalera

Ibarrako Udalak 4.882.000 euroko aurrekontua izango du 2017an; bozketan EAJ abstenitu egin zen

Aurtengorako onartu duten aurrekontua iazkoa baino %3,26 altuagoa da, 4.882.000 eurokoa guztira. Pasa den astean aurkeztu zuten aurrekontua osoko bilkuran, eta EH Bilduk prestatuko dokumentua onartu zen, EAJ abstenitu bazen ere.

Bi dira udalak nabarmendu nahi izan dituen datuak; auzoetako beharrak asetzera begirako aurrekontua  izango dutela eta Udaltzaingorako 3 lanposturen sorrera aurreikusi dutela. Lanpostuak sortu ahal izateko normalean urtez urte aldatzen ez den pertsonal gastuen atala aldatu dute aurten. Baina %2,01eko igoera besterik ez dute aurreikusi behar izan, «Udaltzaingoaren gastu erreala sartu dugu, 10 hilabetekoa sartu dugu, baina ez da aurreikusten 10 hilabeteko gastu hori benetakoa izango denik. Urtero-urtero hau prestatzen joan gara aurten kolpe handia ez izateko, eta aurten %2,01 igoera batekin hiru langile berri asumitzeko aukera dugu. Honek TAO sistema publifikatzea bermatuko digu», esan du Mikel Agirrezabala alkateak.

Onartutako dokumentuan aurreikusitako diru partida handienen artean Uzturpe ikastolari urtero ematen dioten Hazi Hezi proiektua aipatu behar da. Guztira 160.000 euro jasoko ditu ikastolak, iaz baino 40.000 euro gehiago. «Ikastolaren eraikina udalarena da eta beraz, gure ardura da egoki mantentzea. Eraikinean irisgarritasunari begira hainbat lan egin behar dituzte». Etxez etxeko laguntzetara 150.000 euro bideratuko dituzte, 90.000 euro Guridi auzoko lurra eta argiztapena berritzera, 85.000 euro hondakin sistemaren aldaketa gauzatzera eta beste 90.000 euro kiroldegian egin beharreko hainbat lan egitera. Zerbitzuen atalean beste 56.000 euroko partida onartu dute herriko hainbat espaloi zabaltzeko eta bideak egokitzeko.

Berrikuntzak
Alkateak esan du aurrekontuaren kapitulu guztietan aurreikusi dituztela berrikuntzak. Horiek horrela, lehen aldiz, euskaraz ikasi nahi dutenek doan egiteko aukera izango dute, udalak %100ean lagunduko baitie. Era berean, Ibarrako merkatarien elkarteak lehen aldiz jasoko du diru laguntza bat,  5.000 euro, zehazki. «Ezinbestekoa da herriko merkataritza sustatzea eta horretarako merkatarien elkarteak egindako lana eskertzekoa da».

2017an Izaskun auzora begira jarriko da udala. Uztularre auzo elkartea osatu berri dute eta eraketarekin batera «historikoak» diren hainbat eskaera egin dizkio udalari. Auzo elkarteak berak 5.000 euroko diru laguntza jasoko du, baina nabarmentzekoa da euren eskaerei erantzun ahal izateko lur sail bat erosiko duela udalak Izaskunen, horretarako 12.000 euro bideratuko dituztelarik. «Inbertsioen atalean aurreikusi dugu partida hori, udalak ez du lurrik Izaskunen eta proiekturen bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa du lursail bat erostea, bertan zer egin aztertu beharko dugu gero».  

Guridi kaleko argiztapena eta lurrak berritzeko 90.000 euro bideratuko dituzte. Kale horretan aspalditik onartutako Irisgarritasun Plana zegoen egina, baina ahanzturan geratu zen, «teknikoak aldatzen dira, politikariak... eta ez geneukan planaren berri. Honen berri izan bezain pronto jarri gara gaia aztertzen». Guridiko planak bi fase zituen eta lehen fasea bakarrik egin zen, igogailua, alegia. Planak beste bi igogailu aurreikusten ditu eta auzotarrek eskaera ere egin izan dute. Aurtengo aurrekontuan, dena den, ez dute igogailu gehiago egitea aurreikusi, baina bai aztertuko dutela gaia, eta 90.000 eurorekin lurra berritu eta argiztapena aldatuko dituzte. «Gabezia asko ditu Irisgarritasun Planak eta horregatik berriz ere aztertu behar dugu».

Euskal Herria 52-57 inguruan bi zebrabide egingo dituzte (14.900 euro), baina ez da kale horretan egingo diren lan bakarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017an kale guztia asfaltatuko du, seguruena ekaina aldean.

Proiektuak idazteko diru partidak ere onartu dituzte: Izaskungo azpiegituraren proiektua egiteko, aisialdira begirako presa puzgarri bat egiteko eta baita parke estali bat egiteko ere. Aurten hiru hauek aztertu nahi dituzte eta 20.000 euro aurreikusi dituzte.
Ibaigaineko lokala otsailerako bukatu nahi dute eta 30.000 euro aurreikusi dituzte. Talde edo elkarteak biltzeko tokia izatea nahi dute. Berez kultur etxea da tokia, orain arte hori izan da lekua, baina ordutegi mugatua duenez, hainbat taldetan arazoak sortzen ditu.
Era berean, 2016tik geratu den kopuruarekin zer egin aztertuko dute ekaina inguruan. «Agian dugun puntu beltzetako bat konpontzera bideratuko dugu, ez dakigu. Tolosatik San Inazio auzora sartzeko espaloia oso estua da, autoentzako lekua ere estua da... Tolosako eremua ere bada, hala ere, eta beraiekin hitz egin behar dugu baimenak direla eta».

Erlazionatuak

Hainbat partida

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urt 20 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!