«Nortasuna duen herria da, eta bere buruaz nahiko harro dagoena»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 9a, 11:29

Tolosan bizi da egun Maite Artola kazetaria (Ibarra, 1972), baina ia egunero joaten da Ibarrara. Herritarrek ematen diote nortasuna herriari, haren ustez; herri bizia dela dio.

Zer nabarmenduko zenuke Ibarratik?

Herri bizi bat dela. Geroz eta kultur eta gizarte arloko eskaintza handiagoa du. Herri txikia da, baina nortasuna duena.

Eta nola definituko zenuke?

Bere buruaz nahiko harro dagoen herria da. Onerako, ez harrokeriaz.

Herri txikietako giroa duen herria omen da Ibarra, nahiz eta ez izan horren txikia. Ados al zaude baieztapen horrekin?

Ados nago, bai. Herri txiki guztiek bezala, ez dauka handiagoek eskaintzen duten eskaintza kultural guztia eskaintzerik, baina, aldi berean, badago herri giroa, ez da lo-herri bat. Herri giroa dago, eta seguru asko herritar batzuei esker izango da hori. Ez da erakunde kontua bakarrik; horrek ere lagundu dezake, baina batez ere herritarrek egiten duten lanari esker. Festak antolatzeko orduan, geroz eta gehiago antolatzen diren azokak lotzeko… Ekitaldi horien guztien atzean herritarrak daude antolakuntza lanetan.

Sumatzen al duzu zerbait faltan?

Ez horrela esanda… Urte asko dira Ibarratik joan nintzela. Lehenengo Leioara [Bizkaia], unibertsitatera, eta Bruselara gero. Handik bueltan Tolosan geratzea erabaki nuen. Ez dakit oso ondo zergatik. Herri txikiek ere hori badute; familia giroa dago, baina batzuetan ez duzu familia giro horretan egon nahi ere… Herri txikietan kontrol handiagoa egoten da. Herrian bertan bizi direnek esango lukete zerbait, beharbada, baina nik neuk ez dut ezeren falta sumatzen. Azpiegiturak ditu, ondo hornituta dago alde horretatik; kiroldegia dauka, kultur etxea… Eskaintza gutxieneko horiek baditu; nahiko herri betea dela iruditzen zait, baina ez dakit baloratzen.

Tolosa eta Ibarra ez daude oso urrun ere…

Egia esan, faltan sumatzeko ere ez dut aukera handirik. Nire bizitzaren zati handi bat han egiten dut oraindik ere. Nire semeak egunero bazkaltzen du Ibarran gure amarekin… Ez dut faltan sentitzeko aukera handirik, egia esan.

Ba al duzu txoko berezirik, gustuko duzun tokiren bat?

Plazara joateko zubitxo hori gustatzen zait asko. Berez ez dauka ezer berezirik, baina asko gustatzen zait. Txikitan bizitza plazan egiten nuen, eta hara joateko ilusio hori dena jasotzen du zubitxo horrek. Seguru asko Ibarrako giroa plazan biltzen da, eta hori da plazarako sarbidea. Umetako jolas guztiak gogoratzeko sarbidea da zubi hori. Zubi txiki bat da, baina niretzat oso polita da.

Asko aldatu da Ibarra txikia zinenetik?

Plaza inguru hori bai. Asko eraiki da; lehen, frontoia bertan zegoen eta orain ez, aterpea jarri diote, udaletxea orain kultur etxea dagoen tokian zegoen… aldatu da, bai. Eraiki da, eta berde gutxiago dago.

Eraikuntzari dagokionez, bai, beraz; eta herri giroari dagokionez?

Hori lehen ere bazegoen; lehia ere bazegoen, Ibarra eta Tolosaren artekoa… nik behin ere ulertu ez dudana, egia esan. Ibarrakoak ginela nahiko harro esaten genuen.

Ibarra ezagutzen ez duen norbait gonbidatuko bazenu, zein plan egingo zenioke?

Jatekoa eta edatekoa aparte utzita, hori beti sartzen baita gure planetan, San Jose ingurutik hasi eta Zumardi Handira bitarteko paseoa egitera eramango nuke, Aranetik pasata. Oso leku polita da Arane. Eguzkia ateratzen denean erreka bazterreko paseo hori oso polita da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!