Ibarrak 4.300 bat biztanle ditu, eta “oso momentu onean” dagoela dio Mikel Agirrezabala alkateak: “Ikastolak sekulako bizia eman dio herriari, eta gaur egun herriko haur eta gazteen %80 inguruk herrian bertan ikasteko aukera dute. Horrek bizia ematen dio herriari, bere isla izan du herrian. Datozen hiru urteetan izango du Ibarrak bere gehiengo historikoa, Uzturpe ikastolak inoizko ikasle kopururik altuena izango baitu; horrek eragin positiboa izango du”.
Tolosatik gertu dago, oinez edo bizikletan joan daiteke arazorik gabe, eta horrek ere badu eragina herrian. “Tolosatik gertu egoteak ere nortasun berezia ematen dio Ibarrari”, esan du alkateak. Herria hitz batean definitu beharko balu, dinamikoa dela esango luke: “Baditu bere zerbitzuak, herri giroa du, bizitza propioa, eta Tolosa gertu edukitzeak ez dituen beste zerbitzu horiek jasotzeko aukera ematen du, bertatik bertara. Herri dinamiko-praktikoa dela esango nuke”.
Herrigintza
Dinamismo horren erantzuleak herritarrak dira. Aktiboak dira ibartarrak, alkatearen esanetan, eta hori baliatzen dute udaleko arduradunek herria eraikitzen jarraitzeko. “Udalean esku artean ditugun proiektuak bi norabidetan doaz. Batetik, herrigintza jorratu nahi dugu; lantaldeen dinamika bat badago, eta hori sostengatu eta zabaldu nahi dugu; eta, bestetik, herrian dauden azpiegiturak hobetzeko egiten dugu lan”.
Kanpora begira baino gehiago, barrura begirako lanak egin nahi dituztela ere esan du alkateak. Hor kokatzen dute orain gutxi aurkeztu duten Berdintasun Plana. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana dute herrian, eta diagnostiko bat oinarri hartuta herritarrekin eta udal ordezkariekin egin duten lanketa baten emaitza dela esan du Irati Ozaita Azpirozek, Ibarrako Udaleko zinegotzi eta Berdintasun eta Aniztasun batzordeburuak. “Egindako lan honek datozen lau urteetarako herrian egin beharreko ekintzak eta helburuak biltzen ditu, eta egin beharreko lanketaren berri ematen du. Hori horrela, datozen urteetan bertan landu ditugun gaiak herrira bideratuko ditugu, herritarren bizi-baldintzak hobetu, genero arteko desberdintasunak gutxitu eta berdintasunezko herri baterantz pausoak emanez joateko”.
Lehen aldiz egin dute lan hori herrian, eta hori ere herrigintzatik abiarazitako proiektua dela nabarmendu dute. “Herrigintzan jendea badago, udalak jaitsi eta baliabideak jarri behar ditu”, esan du alkateak. “Herritarrek esku artean dituzten proiektu horiek hauspotu behar ditugu; udalaren lanak hori izan behar du”.
Udalean hainbat asmo dituzte datozen urteetarako, baina emaitzak ez dira berehalakoan ikusiko; izan ere, hasi berri den urte hau proiektuak diseinatzeko urtea izango da. “Izaskun auzoan lan batzuk egin nahi ditugu, gazteen aisialdira begira ere badugu zerbait esku artean, errekara begira jarri nahi baitugu… Baina emaitzak ez dira 2018 arte ikusiko. 2017an proiektuak teknikoki eta juridikoki aztertu behar ditugu, gai korapilatsuak direlako, eta asmoa da aurten aztertu eta 2018an gauzatzea”.
Ibarrak badu beste ezaugarri bat berezi egiten duena: zentzurik onenean ez bada ere, eskualde mailako errepide batek gurutzatzen duela. Horrek trafiko ordenantza aldatzea ere ekarri du.
Herritarren iritziak biltzen aritu dira, eta aztertu ondoren osatutako ordenantza urtarrilaren 12an onartuko dute, osoko bilkuran. Trafiko ordenantzaren muina herria ordenatzea dela esan du alkateak. “Kaosa sortzen da batzuetan trafikoarengatik. Kamioi astunak pasatzen dira, jendeak ohitura txarrak hartu ditu… Hori guztia ordenatu behar da. Oinezkoak lehenetsi behar dira”.
Horretan asko lagunduko du Udaltzaingo propioa eduki ahal izateak. Apirilean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Ibarrak Udaltzaingoa sortzea. 5.000 biztanle baino gutxiago ditu Ibarrak, eta, beraz, ez dagokio Udaltzaingoa edukitzea, baina hori martxan jartzeko premia aldarrikatu izan du udalak, eta, azkenean, eskaera onartu diote. Udalak datozen hilabeteetan egingo du lan eskaintza publikoa udaltzain postuak bete ahal izateko.