Garmendia eta Doyharzabal, seitik sei

Asier Imaz 2016ko urriaren 4a

Maitane Garmendiak eta Beñat Doyharzabalek Ipar Ligako Abentura Raid-en (LINRA) egutegiko 6.proba jokatu zuten aurreko larunbatean, Elgoibarren. Hiru aste lehenago, bosgarren proba Ortuellan izan zuten. 

Bietan garaipena eskuratu dute kategoria mistoan, Aralar Kirolak - Euskal Raid-eko kideek. Orain artean LINRA ligan jokaturiko lasterketa guztiak irabazita, lehen postuan aurkitzen dira Garmendia eta Doyharzabal. Beste bi proba geratzen dira oraindik ligari amaiera emateko, bata urriaren 22an Arratia bailaran, eta bestea, Esteribar bailaran. «Inguruko jendea animatu nahiko genuke proba hauetan parte hartzera» azaldu dute bi ibartarrek.


Azken proba hauen aurretik, ordea, hitzordu garrantzitsua dute. Europako Raid Ligako lasterketan parte hartu behar baitute Imanol Garaizabal (Elgoibar) eta Haitz Larrinagarekin (Ondarroa) batera, Euskal Herrian egingo den hiru eguneko Basque Expedition Race lasterketan. Urriaren 13-16 artean ospatuko da. Lehen aldia izango da Europa mailako lasterketa bat Euskal Herrian jokatuko dena. Europa osoko maila altuko taldeak etorriko dira bertan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!