«Geure barne munduetan oinarritzen dira abestien letrak»

Irati Saizar 2016ko urr. 3a, 07:56

Urriaren 6a kolore biziz azpimarratua dute Belarmiñak taldekoek beren agendetan; lehen diskoa kaleratuko dute Haztearen izerdia izenpean. Melodia indartsu eta aldi berean leunak bildu dituztela azaldu du Joxi Ubeda taldeko gitarrista eta ahotsak.

Disko berriak 'Haztearen izerdia' du izena. Nondik dator?

Landareak hazi egiten dira eta gu bizi egiten gara. Hazteak edo bizitzeak, izerdia, nekea eragiten du. Era berean, izerdia landareen sabia da, odola edo kemena izan daiteke. Guk bi zentzutan hartzen dugu, bi esanahiak geure egiten ditugu.

Taldearen izenak ere izango du bere azalpena.

Izena aukeratzeko momentua iritsi zenean, Belarmiñak hitza ikusi genuen nonbait eta asko gustatu zitzaigun. Eta kasualitatez, Berria egunkariak erreportaje bat kaleratu zuen landareei buruzkoa. Hor irakurri genuen belarmina lore terapia batzuetan erabiltzen dela, pixka bat bihotzeko minak, sentimentalak direnak baretzeko. Hitzez hitz egunkaritik jasoa, «belarmina fisikoki edo psikikoki menperatutako pertsonentzat da, besteekiko dependentzia emozional handiegia dutenak eta atsegin izateko nahian urrunegi doazenak, mirabekeriaraino». Jokoa eman zigun definizio horrek. Azkenean, bihotzeko minak guztiok dauzkagu eta polita iruditu zitzaigun.

Zer da diskoan jaso nahi izan duzuena?

Azken hiru urteetatik gabiltza talde moduan eta kantu sorta bat egina dugu. Diskoan, horietako kantu batzuk hartu ditugu. Bonbereneakoek disko bat egiteko proposatu ziguten eta lau kantuz osatutako maxi single bat egin dugu, eta CDa ere eskaintzen dugu kantu berdinekin. Orain arte egin ditugun kantuetako lau sartzea erabaki genuen. Dozena bat inguru dauzkagu eginak eta ez dut esango esanguratsuenak edo adierazgarrienak hautatu ditugunik, baina, aukeraketa baten ondoren izan dira hautatuak.

Nork idazten ditu letrak?

Normalean nik idazten ditut. Bururatzen zaizkidan gauzak idazten ditut. Ondoren, letren gainean kantua egiten dugu. Batzuetan ideia bat eramaten dut eta guztion artean garatzen dugu eta musika ere denon artean egiten dugu. Geure barne munduetan oinarritzen dira hitzak, geure sentimenduak, gogoetak, kezkak, urduritasunak eta segurtasun ezak biltzen ditut. Askotan, beste jendearengan, geure lagun edo ezagunengan ikusten ditugunak, baina azken finean, guk ere baditugunak.

Zein mezu helarazi nahi izan diezue entzuleei?

Guri barrutik ateratzen zaiguna helaraztea da gakoa. Ez dugu aurrez zehazten zer esan nahi dugun kantuetan; ideiak ateratzen dira eta dauden sentimendu, emozio eta kezkak konpartitzen ditugu. Azkenean, ez dugu ezer erakutsi nahi, ez dugu mezarik eman nahi. Batzuetan mezua kritikoagoa izango da edo salaketa gehiago egongo da, baina, barne gatazkak guztiok edukitzen ditugu eta nik uste, jendeak erraz ulertuko dituela mezu guzti horiek.

Disko berriarekin etapa berria hasten da. Nolakoa izatea espero duzue?

Diskoa ateratzea mugarri bat da egia esan. Hemendik aurrerako gure asmoa kontzertuak egitea da. Urriaren 21ean lehen kontzertua eskainiko dugu Bonberenean, Perlak taldearekin batera. Gero, urtea bukatu arte kontzertu gehiago izango ditugu: Gasteizen, Iruñean, Donostian, Durangoko Azokan Ahotsenean eta hortik aurrera sortzen zaizkigunak. Gure asmoa jotzen jarraitzea da, kantu gehiago egitea eta denborarekin kanta berriak biltzen dituen beste disko bat egitea.

Nola joan dira grabaketa lanak?

Oso ondo, arin eta erraz. Bonberenea estudioan egin ditugu. Grabaketetan taldekideak aritu gara; Karlos Osinagak grabazioa, nahasketak, ekoizpena eta masterizazioa egin ditu eta gitarrarekin ere aritu da zenbait kantutan; Leire Zumetak, gurekin jotzen ibili zenak ere egin ditu koroak bi kantutan. Hiru-lau egunetan egin ditugu grabaketa lanak eta ondorengo lana da azpimarratu behar dena, Osinagak egin duena. Izugarri inplikatu da. Nahasketak egiten zituenean, lagin moduko bat egiten zuen guri erakusteko eta etengabe aritu da aldatzen, hoberena lortzen.

Hiru urte dira Belarmiñak taldea sortu zela. Taldea bera nahikoa aldatu da. Nola deskribatuko zenuke ibilbidea?

Iker Lopez eta biok hasi ginen guztiarekin. Nik akustikoa jotzen nuen eta berak elektrikoa. Nahiko akustikoa zen egiten genuena. Gero, Leire Zumeta batu zen trikitiarekin. Geure kantuetara egokituta jotzen zuen eta oso kantu politak osatu genituen. Leirek beste talde batean ere jotzen zuen eta lanpetuta zegoenez, Ilargi Agirre baterian zela egin genuen kontzertu bat Bonberenean. Ilargi ere Perlak taldean dago, musika eskolak eta bateria eskolak ere ematen ditu eta guztietara iristen ez zenez, Iker hasi zen baterian, eta Eñaut Maiz eta biokin batera hirukoa osatu genuen. Diskoa egitea proposatu zigutenean ordea, Ilargiri esatea pentsatu genuen eta baiezkoa eman zigun. Orain, taldea osatuagoa dago. Nik uste, hau zen hasiera batetik egin nahi genuena. Bidea luzea izan da, buelta batzuk eman dizkiegu gauzei eta honaino iritsi gara, diskoan ikusten denera heldu gara. Diskoak biltzen duena da guk egin nahi genuena. Hemendik aurrera, lortu duguna garatzea izango da gure helburua eta ea nora eramaten gaituen.

Orain arteko eboluzio horrek erritmo berean jarraituko du?

Nork daki zer gertatuko den. Diskoa osatu dugunok kantu berri gehiago egitea nahi genuke eta gure musika, mezua, mamia edo dena delakoa gehiago garatzea. Agian, bide batetik joango gara, baliteke beste bide bat egitea ordea. Urte honetan, guztiok ibili gara entseguetan eta guztiok egin dugu ekarpenen bat. Denon artean egiten dugu dena, beraz, ideia, mamia, izpiritua berdina da, baina, beste jantzi batzuk dauzka. Printzipioz, lauron artean jarraitzea da buruan darabilkiguna.

Jotzen duzuen musika estiloa zehazten asmatuko zenuke?

Noizbait, lagunek komentatu izan digute power pop, rock & rol, pop eta rock ukituak dituela egiten dugunak. Nik uste egia dela, horrelako zerbait egiten dugula. Behin, grabatzen ari ginela, Karlos Osinagak komentatu zigun kuriosoa dela egiten duguna, musika suabea eta leuna egiten dugula, baina era berean, indarra eta energia handia daukala. Nik adibidez leun abesten dut, baina kantuak rockeroak edo energia handikoak dira.

Zerk bereizten zaituzte beste taldeetatik?

Zaila da zerbait originala egitea. Orain arte mundu honetan egin den guztia kontuan hartuta, zaila da zerbait berria asmatzea, instrumentuak gehienetan antzekoak baitira. Hala ere, esan izan didate egiten duguna ez dela oso ohikoa. Baina berez, ez dugu ezer asmatu, bi gitarra, baxua, bateria eta ahotsarekin jotzen baitugu. Kontua da musika indartsua, leuna eta suabea den zerbaitekin uztartzen dugula eta baliteke hori izatea desberdintzen gaituena. Hala ere, hobe kanpoko norbaitek esatea hori.

Askotan, taldea ezagunagoa egiteko ateratzen dela diskoa esan ohi da. Zuen kasua al da?

Bai, hori horrela dela esango nuke. Baina horrez gain, bada beste zergati bat. Kantu batzuk jendaurrean jotzeko egiten dituzu eta gustatzen zaizu egindakoa betirako izatea, nonbait gordeta edukitzea. Agian hemendik urte betera edo bira, ez gara gauden lekuan egongo, agian beste leku batean egongo gara kantu hauek jotzen edo agian beste batzuk jotzen ibiliko gara hor nonbait. Egin dugunaren testigu bat dela esango nuke. Guretzat, talde bezala, pozgarria da egin duguna disko batean jasota edukitzea. Azkenean, musika talde bat sortzen baduzu, horretarako egiten duzu, kontzertuak egiteko, jotzeko eta diskoak grabatzeko.

Erraza da Euskal Herritik kanpo abestea, euskara hutsean abestuta?

Ez dakit zer esan. Normalean zaila da, hizkuntza ulertzen ez dutelako. Baina nire ustez, jendearen gustukoak diren kantuak, onak eta politak egiten badituzu, jendeak gustura entzungo ditu eta erakargarriak izango dira. Adibidez, orain ingelesa geroz eta jende gehiagok daki, baina askotan entzuten dira ingelesezko kantuak eta jendeak ez daki zertaz ari den, ulertzen ez duelako.

Nola ikusten duzu gaur egun merkatua?

Garaiak desberdinak dira, asko aldatu da. Mundu honetan hasi nintzenean, duela urte asko, kontzertu batera mundu guztia joaten zen. Orain desberdina da. Garaiak aldatzearekin batera, musika kontsumitzeko moduak ere aldatu dira. Jendeak oraindik kontzertuetara joaten jarraitzen du, baina, ez da berdina. Lehen talde xumeak ikustera jendetza joaten zen eta orain ez hainbeste. Kontua da jendea ezin dugula derrigortu kontzertuetara joatera. Orain, musika asko kontsumitzen da internet bidez edo beste euskarri batzuen bidez. Gaur egun, disko dendarik ere ez dago ia-ia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!