Piperraz eta beste produktuez gozatzeko, azoka berezia igandean

Ataria 2016ko ira. 15a, 11:08

Iazko Azoka eta Piparra egitasmoan, lehiaketa gastronomikoaren saridunak.

XVII. Azoka eta Piparra ekitaldia antolatu du Hauspoa elkarteak; ohi bezala bi gune nagusi izango ditu, eta postu ugari.

Iraileko ohiko hitzordu garrantzitsua izaten da Azoka eta Piparra egitasmoa Ibarran, Hauspoa elkarteak antolatuta, eta aurten igande honetan egingo da, XVII.nez. Emeterio Arrese parkea eta San Bartolome plaza postuez betetzen dira, eta egitasmoaren izenak dioen moduan, piperra da protagonista.

Baina beste hainbat produktuk ere izango dute bere lekua azokaren bi guneetan. Emeterio Arrese parkea izango da piperraren gunea, eta bertan ere herriko baserrietako abereak izango dira ikusgai, eta hainbat janari postu ere izango dira. Ibarrako piperrari dagokionez bi lehiaketa izango dira: piperrada eta pintxoa. Dagoeneko Ibarrako Piparraren XII. Lehiaketa Gastronomikoa egingo da aurten. Eta ekitaldi horren inguruan, Euskal Herriko Piparraren VII. Topaketa ere egingo da. Bertan, noski, etxeko piperrak parte hartuko du eta beste hainbat txokoetakoek: Peraltako piperra (erretzekoa) eta Lodosako pikillo piperra, Nafarroatik; Ezpeletako piperra, Lapurditik; eta Gernikako piperra, Bizkaitik.

San Bartolome plaza izango da beste gune nagusia, eta bertan Tolosaldeko XIX. Ezti Lehiaketa izango da jokoan. Artisauen hainbat postu izango dira bertan, eta tailerrak ere izango dira. Ibarrako argazki zaharrak ikusteko ere aukera izango da, jendea eta jarduerak erakutsiz. Ibarrako Merkatarien Elkarteak presentzia izango du. Batetik, jogurtaren inguruko tailerra egingo da Larreta esnekien eskutik haurrentzat, 10:00etatik 13:00etara. Bestetik, aste honetan bezeroek denda bakoitzean erosketa egitean bete dituzten txartelen zozketa egingo dute. Horrez gain, elkarteko kide batek 3D inprimagailua eramango du, aparailuarekin egin daitezkeen lanak ikusteko.

Postua jarriko duteneko bat Ibarratik Misio Taldea izango da. Zehazki bi jarriko dituzte: bat, lan egiten duten herrialde ezberdinetako artisautza artikuluekin, eta bestea, gastronomia produktuekin: pintxoak, edariak eta Ibarrako baserritarrek eskainitako baserriko produktuak. Gainera, herriko tabernari eta dendariek eskainitako produktuekin osatutako saskia zozkatuko dute. Igandean jendea beharko dute: postua jarri eta kentzeko, bertan salmentan egoteko, tortillak egiteko, etab. Lagundu nahi duenak 676623990 (Xabier) edo 650416949 (Marian) telefono zenbakietara deitu dezake.

Uzturpe Ikastolak ere bere lekua izango du igandeko azoka berezian, San Bartolome plazan. Batetik, postua jarriko dute, ikastolako jantzien modelo berriekin. Bestetik, DBHko ikasleek haurren aurpegiak margotzen ariko dira, eta frantses tailerreko ikasleek beraien postua izango dute, ikasturtean zehar egingo duten trukerako diru-laguntza lortzeko helburuarekin.

Egitaraua

Igandea, irailak 18

10:00-14:00. Emeterio Arrese parkean: Ibarrako baserrietako produktuak eta abereak, eta Euskal Herriko VII. Topaketa. San Bartolome plazan artisauen postuak eta tailerrak. Ibarrako Merkatarien Elkartea 10:00etatik 13:00etara izango da San Bartolome plazan.

10:00-12:00. Tolosaldeko XIX. Ezti Lehiaketa, San Bartolome plazan.

13:00. Ibarrako piparraren Euskal Herriko XII. Lehiaketaren sari banaketak: piperrada eta pintxo lehiaketa. Emeterio Arrese parkean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!