Euskal Herriko ofizio eta lanabesak hizpide dituen Lanabesak lana eskaini zuten Alurreko Erronka taldekoek San Bartolome jaietan.
Emanaldi berezia izan zela diote dantza taldekoek, izan ere, aurretik ere jendaurrean eskaini izan dute dantza-ikuskizun hau, baina ez herrian bertan.
«Esan beharra dago, merezi izan duela atzetik ikusten ez den esfortzu eta lan guztiak», esan du zentzu honetan, Eli Nosellas taldeko kideak. «Beti da plazer bat herrian bertan dantzatzea eta zer esanik ez jaiak ditugunean. Beti egiten zaigu berezia gau hori: herriko zein kanpoko jendea etortzen da, parkea erabat beteta.... Eta gau ilunean hainbeste landutako emanaldi bat eskaintzean, beti ematen dio halako magia inguruak», gaineratu du Eli Nosellasek.
Izan ere, Lanabesak iazko urrian estreinatu zuten. Bi urte lehenago ikasturte amaierarako prestatutako lana du oinarri, baina orduan lana «erdi bidean» geratu zitzaiela iruditu zitzaien, eta horregatik berreskuratu nahi izan dute.
IZEN-EMATEA, ZABALIK
Hilabete honetan zehar eman daiteke izena Alurren, eskolak urrian hasiko dituztelarik. Izena eman nahi duenak kultur etxean edota Alurreko webgunean eskuragarri dauden inprimakiak bete behar ditu. Ikasturte berri honetan talde guztiek jarraituko dutela esan dute, eta helduen eskolak ikasle kopuruaren arabera mantenduko dituztela. Zalantzak argitzeko webgunera jo daiteke edo 635 75 70 48 telefono zenbakira deitu. Webgunean ikasturte berriko ordutegi eguneratua ikus daiteke.