Denboraldia amaitu du Ibarra Martxanek

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 7a, 12:25

Arrakastatsua izan da Ibarra Martxan ekimenaren lehen denboraldia.

Joan den ekainaren 23an arrakasta handiz ospatu zuten denboraldi honetako Ibarra Martxaneko azken ibilaldia. Proiektu honen helburua bikoitza da: osasuna zaintzea batetik, eta elkarrekin ibiliz sozializazioa erraztea, bestetik.

Ibarra Martxanek apirilaren 7an ekin zion bere ibilbideari eta 12 topaketa izan dituzte. Horietan 105 lagunek hartu dute parte, asteko batez beste 51 lagun. Astero, arduradun talde boluntario batek gidatu du ibilaldia eta ondoren Bizi Nahi erretirodunen elkartean hamaiketakoa eskaintzen zen. Indarrak berritzeaz gain, parte-hartzaileen arteko adiskidetasun harremanak sendotzeko aukera izan dute.

Antolakuntzatik, boluntarioen lana eskertu nahi izan dute: Ibarrako Garagune, Merkatarien elkartea, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala, Elikagaien Bankua, Uzturpe ikastola, Ilarki etxez etxeko elkargoa, Bizi Nahi elkartea, osasun etxea, Tolosaldeko osasun publikoa eta norbanakoak, horiek guztiak proiektuaren arrakastaren giltzarri izan baitira. Merkatarien elkartearen babesa azpimarratu nahi izan dute ere, ibilbide zehatzak antolatu baitzituzten eta produktu nahiz zerbitzuak zozketatu ibiltarien artean, hilean behin. Datorren urriaren 6an, oporrak amaituta, berriro ekingo diote Ibarra Martxan ekimenari. Ostegunero elkartuko dira goizeko hamaiketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!