Ibarran bi emakume drogatu eta bahitu egin dituztela salatu dute

Ataria 2016ko ekainaren 23a

Gazte Festak izan dituzte asteburuan, eta Gazte Asanbladak eta Emakume Taldeak eman dute erasoaren berri. Salaketa jaso du Ertzaintzak.

Asteburuan bi emakumeri eraso egin diete Ibarran, Ibarrako Gazte Asanbladak eta Emakume Taldeak jakinarazi dutenez, emakumeekin eurekin hitz egin eta gero. Azaldu dutenez, drogatu egin zituzten festan zeudela. "Horren ondorioz, hiru orduko denbora tartean ez dira ezertaz oroitzen. Gogoratzen diren apurraren arabera, kontzientzia berreskuratzen ari zirenean, ibilgailu batetik bota zituzten guztiz desorientatuta, Ibarra ez zen leku batean". Dirua falta zitzaiela ohartu ziren gero.

Erasoa salatu dute Gazte Asanbladak eta Emakume Taldeak. "Nahiz eta oraindik gertatu den guztia ez dakigun, gertakari hauek pertsonen burujabetzaren eta oinarrizko eskubideen urraketak izan direla ulertzen dugu", nabarmendu dute, eta "irmoki salatu" dute. Horrelakoak saihesteko lanean segituko dutela berretsi dute, "jendea kontzientziatuz zein Gazte Festetan martxan izan ditugun brigada feminista bezalako ekintzak sortuz eta landuz". Horrelako jarrerek "ez dutela lekurik" esan dute, "ez Ibarrako festetan ezta beste inon ere".

Agerraldian, Ibarrako Gazte Asanbladako eta Emakume Taldeko kideez gain, herriko beste hainbat pertsona eta inguruko herrietatik joandako pertsonak izan dira.

Ertzaintzako iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, bi emakumeen salaketa jaso dute polizia etxean, eta ikertzen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!