Gimnastika erritmikako ikasturtea amaitzear dago. Denboraldiko azken lehian, Belabietako gimnastak Euskadiko Txapelketa jokatzen ibili ziren, kadeteen mailan. Taldeka ondorengo emaitzak lortu zituzten ibartarrek: Kadetea A taldeak, zazpigarren amaitu zuen; Kadete B1-ek, seigarren, eta Kadete B2 taldeak, hamargarren.
Norbanakoei dagokienez, A Mailan eta B mailan aritu ziren Belabietako gimnastak. Lehen multzo horretan, Maialen Mariezkurrena zazpigarren postuarekin geratu zen. Aipatzekoa mazetan hirugarren amaitu zuela Mariezkurrenak. Lara Ortizi dagokionez, txapelketa hamabosgarren postuan amaitu zuen. A Mailan lehiatu zen hirugarrena Ibane Zinkunegi izan zen, 20. postuan sailkatuz.
Norbanakoen B Mailan, Belabietako lau gimnasta aritu ziren. Horietan postu onena lortu zuena Naroa Bengoetxea izan zen, podiumera igotzea lortu baitzuen, hirugarren postuan. Alazne Iturbek zazpigarren bukatu zuen; Ane Kalegainek hamaikagarren eta Leire Bengoetxeak, hamabigarren.
Bestalde, Inko Oruesagastik Euskadiko Eskola Jokoetan hamabigarren postua lortu zuen. Belabietako gimnasta A Mailan aritu zen, nahiz eta denboraldian zehar B Mailan lehiatzen ibili den.
Azkenik, Belabieta Gimnastika Taldetik jakinarazi dutenez, gaur Belabieta kiroldegian ikasturte amaierako jaialdia egingo dute. 18:00etan hasiko da ospakizuna, eta herritarrak bertara gonbidatu dituzte.