Jazarpena salatzeko elkarretaratzea deitu du Ibarrako Ernaik

Ataria 2016ko mai. 18a, 18:00

Pasa den astelehenean Fresneseko espetxean gose greban dauden euskal preso politikoen aldeko "elkartasun mezuak" zabaltzen ari zen gazte bat Ertzaintzak identifikatu izana salatu dute.

Ibarrako Ernaik adierazitakoaren arabera, gauerdi inguruan izan zen gertaera. "Kalez jantzita eta kaleko kotxe batean" gerturatu zen Ertzaintza lehenik gaztearena, eta gerora beste bi patruila gerturatu ziren Ernaien esanetan: "Gaztea paretaren aurka jarri, goitik-behera miatu eta datuak hartu ostean, ordu erdi ondoren, joaten utzi zioten". Miaketa eta hizkuntza "oldarkorra" erabiltzeaz gain, indarkeria fisikoa erabiltzearekin ere "mehatxatu" zuten gaztea, Ernaien arabera. Horrez gain, azken egunetan ibartarrak jasaten ari diren "h¡jazarpenak" ere salatu dituzte.

Gauzak honela, duela 50 urte ikasle eta gazteek "irekitako askapen borrokan" berresten direla, eta "sistema kapitalista heteropatriarkalak eta hauen txontxongilo diren sistema frantses zein espainiarrak" aurrean izango dituztela adierazi dute.

Azkenik, espetxeetan dauden euskal herritarrak eta bereziki Fresnesekoak izan dituzte gogoan: "Sistema eta estatu zapaltzaile hauen aurka altxatzeagatik atxiloketa, tortura, espetxea zein erbestea ezagutu dituzten euskal herritar guztiak ekarri nahi ditugu gogora. Fresnesen oinarrizko eskubideen alde gose greban dauden preso politikoei elkartasun adieraztearekin batera".

Aipatu bezala elkarretaratzea deitu du gazte erakundeak ostiralean, maiatzaren 20an, 18:00etan, Ibarra sarreran, Jazarpenik ez! Fresneseko gose grebalariekin elkartasuna! lelopean, eta Ibarraji "gazte zein herritar guztiak" bertara joatera deitu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!