Izaskundarren festa kuttunak

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 13a, 11:23

Bihar zaldi lasterketarekin hasiko diren festei astelehenean emango diete amaiera Izaskunen

Udaberriarekin batera festa garaia iritsi da eskualdera, eta asteburu honetan Izaskun izango da festak ospatuko dituena. Bihar ekin eta astelehenera bitarte izango dute aurtengoan ospakizuna.

Iazko festekin alderatuta aurtengoak garaiz iritsi direla esan liteke. Izan ere, pasa den urtean ekainean ospatu bazituzten ere, aurten maiatzaren erdialdea egokitu zaie festak ospatzeko. Data aldaketa horrek inauteriekin du zerikusia, Izaskungo Festa Batzordeko Arantxa Larrartek azaldutakoaren arabera: «Inauteriak noiz tokatzen direnaren gorabeheran ospatzen dira Izaskungo festak». Aurtengoan, gainera, San Isidro Egunarekin bat ospatuko dute igandea, beraz, «festa askoko asteburua» da honakoa.

Aipatu bezala, Izaskungo Festa Batzordea izaten da festak antolatzearen ardura izaten duena, eta «ikusten ez den lan asko» izaten dutela dio Larrartek festak antolatu ahal izateko. Dozena bat pertsonako taldea osatzen dute urtero antolakuntza lan horietarako. Festa egunak, egun bereziak izaten dira, baina Larrartek azpimarratzen duen bezala eguraldiak ere zeresan handia izaten du egun horietan, eta asko «baldintzatzen» ditu aterpe handiegirik ez dutelako. Horregatik, udalak jartzen dieten karpa beharrezkoa izaten dute eguraldi txarrari aurre egiteko. Edonola ere, eguraldi ona izan ala ez, guztiak «elkartzeko» aitzakia ez da falta izaten.

Urtero falta ezin diren zitak

Zortzigarren urtez ospatuko den zaldi lasterketarekin emango diete festei hasiera. Aurtengoan hamar zaldik parte hartuko dute bertan. Larrateren esanetan «zaletasun handia dago nonbait eta jende asko biltzen du». Lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte garaikurrak amaieran.

Zaldi karreraren eta sagardo dastaketaren aitzakian, larunbatean jende «ikaragarri» biltzen dela dio Larrartek, hitzordurik jendetsuena izanez.

Urtero errepikatzen den beste hitzorduetako bat herri bazkariarena izaten da. Igande eguerdian izango da, eta aurreko urteetan 80-100 pertsona inguru bildu izan dira. Oraindik izena eman ez duen norbaitek bazkarira joateko interesa balu, festa batzordeko kideekin harremanetan jarri beharko luke, «ez da arazorik izango».

Asteleheneko bertso eta dantza saioena ere «urteroko» hitzorduak izaten dira Izaskungo festetan. Lizaso eta Peñagarikano bertsolariek «urte mordoxka» daramatzate festetara joaten, eta aurtengoan ere bi saio egingo dituzte eguerdian eta iluntzean. Eta arratsaldean, Alurr dantza taldeko dantzariek alaituko dute arratsaldea. Hitzordu honek ere jende «dezente» biltzen du, eta haurren aitzakian «festa polita» izaten da bertan.

Festa egun politak dituzte aurretik Izaskunen, eta Larrartek eskualdeko herritar guztiak «animatzen» ditu festetan parte hartzera.

IZASKUNGO FESTAK

BIHAR, MAIATZAK 14
18:00. VIII. Zaldi lasterketa.
Ondoren. Pintxo eta sagardo dastatzea (Zabala, Aburuza, Gaztañaga eta Sarasola sagardotegiak).

MAIATZAK 15, IGANDEA
12:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Arria V eta Iker Bizente. Motozerra erakustaldia: Luis Erasoren eskutik figura ikusgarriak.
14:30. Herri bazkaria. Ondoren, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolarien emanaldia.
18:00. Gorriti eta bere animaliak.
19:30. Erromeria, Loatzo Musika Eskolako trikitilarien eskutik.

MAIATZAK 16, ASTELEHENA
10:00. Diana.
11:00. Meza nagusia.
12:00. Hamaiketako herrikoia.
13:00. Bertso saioa: Sebastian Lizaso eta Anjelmari Peñagarikano.
17:30. Alurr dantza taldearen emanaldia.
Segidan. Haurrentzako gozokiak.
18:30. Bertso saioa: Sebastian Lizaso eta Anjelmari Peñagarikano.
19:30-20:30. Erromeria, Loatzo Musika Eskolako trikitilarien eskutik, eta jaien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!