Gazteen iraultza bilatu nahi duen hilabetea ospatuko dute Ibarran

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 5a, 09:14
Gorka Etxebarriaren 'Sozialismoaren historia labur bat' liburuaren aurkezpenarekin hasi dute Maiatza Iraultzailea .

Ibarrako Gazte Asanbladak Maiatza Iraultzailea antolatu du ekimen mota ezberdinekin eta Maiatzaren Leheneko aldarrikapenetik abiatuta.

Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, ospatu berri da, eta hain zuzen ere, egun horren bueltan hilabete osoko egitarau berezia antolatzea erabaki du Ibarrako Gazte Asanbladak. Sisteman kapitalistarekin ez daudela bat adierazteko eta «alternatiba bat» mahiaren gainean jartzeko hilabetea izango dela esan du Manex Gurrutxagak, Gazte Asanbladako kideak.

Hilari iraultzailea izena jartzea ere ez da kasualitatea izan, hortaz: «Ez dugu ezagutzen dugun sistema hobetu edo hobeto enfokatu, zerbait berritzailea nahi dugu».

Egungo sistemari «buelta» emateko, aukeran dauden «alternatiba» horien inguruan «eztabaidatu eta hausnartu» nahi dute, eta horretarako hitzaldi, mahai inguru, dokumental eta bestelako hainbat hitzordu izango dituzte. «Betiko eskemak hautsi» nahi izan dituzte ekimen ezberdin horiek antolatzerakoan, eta ohiko hitzaldi eta kontzertuetatik atera.

Hitzordu guztiak gaztetxean burutuko dira, izan ere, gazteen burujabetza lortze bidean gaztetxea tresna egokia dela uste dute: «Gazteok gabezia batzuk dauzkagu. Esaterako, lanik ez daukagu eta horren ondorioz ezin dugu etxebizitza bat mantendu. Ondorioz, lan prekario, epe motzeko eta baldintza txarretakoak izatera kondenatuta gaude. Gure burujabetza baten alde lanean hasteko gauza ezberdinak hausnartu eta landu behar ditugu.Horrela gazteak ahalduntzeko edo gazte boterea sortzeko gaztetxea leku eta tresna egokia dela uste dugu».

HASI BESTERIK EZ

Pasa den asteburuan ekin zieten Maiatza Iraultzaileko egitarauari, Gorka Etxebarria historialariak Sozialismoaren historia labur bat liburua aurkeztuz.

Hala ere, oraindik izango da zer ikusi eta egina Ibarran. Asteburuari begirako ekintzak antolatu dituzte batez ere, eta Gurrutxagak azaldutakoaren arabera «inguruko edo herriko jendea mobilizatzen» saiatu dira ekimenak antolatzerakoan.

Azken hilabeteetan Gazte Asanbladak dinamika asko jarri ditu martxan. Izan ere, Gazte Asanbladak Ibarrako «gazte oro» elkartzen den leku bat izan nahi du, non «egunero daukagun arazoei irtenbidea ematen saiatuko den leku bat» izan nahi du. Autogestioa «bizitzako arlo guztietara» zabaltzea gustatuko litzaieke.

Maiatza Iraultzaileari eta egitarauari buruzko xehetasun gehiago, Manex Gurrutxagari, Ibarrako Gazte Asanbladako kideari egindako elkarrizketa honetan entzungai:

 

MAIATZA IRAULTZAILEA

Maiatzak 7, larunbata

18:00. Gazte boterea eta gaztetxea hitzaldia, Iñaki Gil de San Vicenteren eskutik.

Maiatzak 8, igandea

18:00. Rosas y fusiles, mujeres de las FARC dokumentala.

Maiatzak 13, ostirala

Egunean zehar. Hartu trena, Euskal presoak Euskal Herrira!

Maiatzak 15, igandea

19:00. Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan liburuaren aurkezpena, Maialen Apezetxea eta Mikel Ozaita antropologoen eskutik.

Maiatzak 20, ostirala

21:00. Bertso afari feminista, Ane Labaka, Amaia Agirre eta Oihana Iguaran bertsolariekin.

Maiatzak 21, larunbata

18:00. Elikadura burujabetza inguruko nekazariekin, mahai inguruan. Bertan izango dira Aitzol Iturbe, Eneko Imaz eta Aitor Otaegi.

Maiatzak 22, igandea

18:00. Ezkaba. Francoren espetxetik ihes handia dokumentala.

Maiatzak 27, ostirala

19:30. Azken ostirala: Maite eta Gari etxera! lelopean.

Maiatzak 28, larunbata

18:00. Herri ezkutuak hitzaldia eskainiko du Peio Basualdok.

Maiatzak 29, igandea

18:00. Euskararen erabilera Ibarran mahai ingurua, Uzturpe ikastolako ikasleekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!