Ibarrako haurrak, zuhaitzen landaketa prozesua gertutik ezagutzen

Maier Ugartemendia 2016ko apirilaren 18a

Zuhaitz eguna ospatu dute Ibarran, eta hori dela eta kiroldegi atzeko lur sailean duela hiru urte landatutako 150 Lizar babesten eta ongarria botatzen aritu dira Uzturpe ikastolako, LH 5 mailako 40 ikasle inguru.

Urte hauetan zenbait landare galdu egin dira, eta bertan geratu direnetako batzuk babesa galdu dute, horregatik erabaki zuten lan horiek egitea.

Duela hilabete ere ikasleek lur sail berean «mantentze eta garbiketa» lanak egin zituztela azaldu zuen Ainhoa Alonso, Ibarrako ingurumen teknikariak. Orduan, gaiarekiko sentsibilizazioa lortu zutela eta, babeste eta ongarria emate lanak egiteko aproposenak ikasle berak izatea zela pentsatu zuten. Horrela ikastolan ikasitako teoria praktikan jartzea ere lortzen dute Alonsoren ustez: «Ikastolan teorikoki azaltzen diete landaketaren prozesua nolakoa den, baina guk Zuhaitz eguna aprobetxatuz erakutsi nahi izan diegu landaketa batek zer suposatzen duen beraiek gertutik ikusteko».

Lur sailaren mantentzea udalak egiten badu ere, lan hori ikasleekin egitea udalarentzat eta ikasleentzat «onuragarria» dela uste du Alonsok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!