Merkataritza sustatzeko irudiak Ibarrako kaleetan

Maier Ugartemendia 2016ko apirilaren 15a

Iaz abiatu zuen ekimena udalak eta proiektuarekin jarraituz San Inazio auzoko lokal hutsa margotzen ari dira orain

Merkataritza sustatzeko asmoz, Ibarrako Udalak San Inazio auzoko 7. zenbakian kokatuta dagoen lokal huts bat margotzeko lanak jarri ditu martxan. Udalak 2012an herriko merkataritza sustatzeko xedearekin egin zuen azterketan kokatzen da proiektua.

Iaz, apirilean hasi ziren Euskal Herria kalean lehen lokal hutsak margotzen; bi «merkataritzaren muinean» margotu zituzten, eta bestea kultur etxearen pareko horma batean. Orduan, dantzarien irudiak, Ibarrako piperra eta Ibarrako antzinako paisaia bat margotu zituzten. Oraingoan, San Inazio auzoan erabaki dute lokala margotzea eta bertarako aukeratu duten irudia Ibarrarekin identifikatzen den beste talde batena da: sokatira taldearena.

Iazko irudiak margotzeko aukera GKo galeriak izan zuen, eta oraingoan ere eurak ari dira horma margotzen.

Udalak jakinarazi duenez, «eguraldiak laguntzen badu, eta guztia ongi badoa» gaur bertan irudia amaituta izatea espero dute. Beraz, bertatik igarotzen direnek jada margoa amaituta ikusteko aukera izango dute gaurtik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!