«Uste dugu garaia dela berdintasunari bere lekua emateko»

Maier Ugartemendia 2016ko api. 6a, 11:32

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko Ibarrako Udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du, bileren bitartez. Irati Ozaita Ibarrako Udaleko Politika Feminista eta Aniztasuna saileko zinegotzia da

Elhuyar Aholkularitzarekin batera Ibarrako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana sortzeko lanetan dabil Ozaita. Herritarrak egingo diren bileretan parte hartzera animatzen ditu.

Zein da berdintasunarekin lotuta Ibarrako gaur egungo errealitatea?
Esango nuke aurrerapuasoak eman direla bai herrian eta baita gizartean ere. Baina emakumeen presentzia handitu egin den arren oraindik pauso asko daude emateko. Arazoa estrukturala da, eta hor egin behar da lanketa bat. 2013an Ibarrako emakumeen eta gizonen berdintasuna aztertzeko diagnostiko bat egin zen, eta behin lan hori eginda plan bat aurrera eramatea garrantzitsua zela ikusten genuen; gaur egungo errealitatea eta datozen urteetarako erronkak aztertzeko.

Zein da Berdintasunerako I. Plana diseinatzerakoan ezarri duzuen helburu nagusia?
Helburu bat baino gehiago daude. Garrantzitsuenetakoa Ibarrako gaur egungo errealitatearen gakoak eta erronkak jartzea litzateke, eta esan bezala, diagnostikoa kontutan hartuta zer behar dauden identifikatzea. Bestea, Berdintasunerako Plana eginda datorren urteetarako erronkak mahai gainean jartzea litzateke, eta horretarako garrantzitsua izango da herritarrekin eta eragileekin lantaldean lan egitea, eta honen inguruko hausnarketa bat egitea.

Zertarako egin nahi duzue plan hau?
Diagnostikoaz gain, herrian eta gizartean dagoen arazo batetik dator plana; nik arazo deitzen diot, norberak nahi duen moduan dei diezaioke. Berdintasuna beti gerorako uzten den zerbait bezala hartzen da, beste lehentasun batzuk jartzen dira, eta uste genuen garaia zela berdintasunari bere lekua emateko. Gainera, ikusi dugu Ibarran gaiarekiko kezka sortzen ari dela; duela hilabete batzuk, adibidez, neska talde bat sortu zen autodefentsa tailer bat burutzeko eta hor ikusten da gutxienez neska gazte batzuen artean kezka badagoela. Elkarrizketetan eta eguneroko gaietan gai hau txertatzeko ondo egongo litzateke herritarrekin gaia lantzeko hausnarketa bat egitea.

Berdintasunerako plana diseinatzeko prozesua abiatua duzue. Zein pausu eman dituzue orain arte eta zeintzuk emateko asmoa duzue?
Bost hilabetetako prozesu bat izango da, martxoan hasi genuen eta uztailean amaitzea aurreikusten dugu. Lau fase izango ditu. Lehenengoan herritarrekin egingo diren bileren aurretik diagonostikoa aztertzen ari gara. Horretarako, talde eragile bat dago herritarrekin eta gazteekin komunikazioa nola landu aztertzen ari dena... Bigarrengoan, diagnostikoa hartuta herritarrekin, udal langileekin, zinegotziekin eta gazteekin diagnostiko hori aztertuko da eta 2013koa denez gaur egungo errealitatearekin kontrastatuko da. Hirugarrengoan Berdintasunerako Plana diseinatuko litzateke eta berriro talde ezberdinekin kontrastatu eta osatu egingo litzateke. Azken fasean, prozesua eta emaitzak ebaluatu eta plana bere horretan osatuko litzateke.

Zein lantaldek hartuko dute parte prozesu honetan?
Lau talde osatu ditugu. Udal barruan teknikariak eta udal langileak, eta zinegotziak izango lirateke. Herritarrenak gazteekin, eta herritar eta eragileekin izango lirateke.

Herritarrei parte hartzeko dei egin nahiko diezue, ezta?
Bai noski! Nik uste oso garrantzitsua dela herriarentzat eta norberarentzat horrelako prozesu batean parte hartzea. Lehen esan bezala gaia egunerokoan ezartzeko eta animoak eman nahi dizkiet animoekin dabiltzen gazte horiei, udalak behar dutenean laguntza emango die eta prest gaudela berdintasunaren inguruan lanketa hauek egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!