Berdintasunaren gaia mahai-gainean jarri nahi du Ibarrako udalak

Maier Ugartemendia 2016ko api. 6a, 11:30

Ibarrako Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko prozesua jarri du abian. Udalak 2013an egin zuen emakume eta gizonen berdintasunari buruzko herri mailako lehen diagnostikoa, «herrian emakume eta gizonen artean egon zitezkeen desberdintasunak identifikatzeko» helburuarekin.

Berdintasunerako Plana diseinatzeko egitasmoa pasa den legegintzaldian sustatu zuen Politika Feminista eta Aniztasuna sailak, eta diagnostikoa eginda legegintzaldi honetan plana lantzeari ekitea erabaki du.

Egitasmoa garatzeko lanak martxoan hasi zituzten, eta bi fase nagusi aurreikusten ditu udalak: «Diagnostikoa eguneratzeko lehena (apirila bitartean) eta plana diseinatzeko bigarrena (maiatza-uztaila bitartean)».

HELBURU ANITZAK

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana osatzeko Elhuyar Aholkularitzaren laguntza jasotzen ari da, eta elkarrekin parte hartze prozesu bat jarri dute martxan.

Parte hartze prozesu horrekin, «Ibarrako egungo errealitatean gakoak eta erronkak berdintasun ikuspegitik zein diren identifikatzea» dute helburuetako bat. Bestalde, herritarrek eta eragileek berdintasunaren inguruko «hausnarketa» egitea, planaren diseinuan «parte sentiaraztea» ere espero dute. Eta era berean, herritarren parte hartzearekin «arrakasta lortzeko baldintza egokiak» sortu nahi dituzte, hau da, «lagungarri izango den giroa lortzea eta jarrera aktiboak sustatzea».

HERRITARREN PARTE HARTZEA

Herritarren inplikazioa lortzeko lehen fasean bi bilera egingo dituzte bi talderekin, eta beste bina hurrengo fasean. Tailer horietan gaiaren inguruko «trebakuntza, sentsibilizazioa eta hausnarketa» sustatuko dituzte, eta «esperientzia pertsonaletatik» abiatuko dira lanketa egiteko.

Herritarren bi talde horiek, bata gazteekin osatutakoa izango da, eta bestea herritar guztiena: «Interesa duten herritarrak, eta bereziki, herriko elkarteetan inplikatuta daudenak eta gaiarekiko interesa eduki dezaketenak gonbidatuko ditugu». Herritar guztiei zabalik egingo den lehen bilera apirilaren 12an izango da, 18:30ean, Benito Izagirre kultur etxean, eta bilerak bi orduko iraupena izango du. Bigarren bilera gazteei zuzendutakoa izango da, eta apirilaren 15ean, ostiralean, 18:30ean, kultur etxean egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!