Alurreko txikien emanaldiaren ordua iritsi da

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 25a

Alurr dantza taldeak Tradiziotik sorkuntzara emanaldia eskainiko du bihar, 20:30ean, kiroldegian.

LH 1 mailatik DBH 2 mailara bitarteko haurrak izango dira protagonista, eta normalean Uzturpe ikastolako kultur astean eskaintzen duten emanaldi hau, aurtengoan pixka bat atzeratu da, urtarrilean izan diren bestelako festa ugariak direla eta.

Tradiziotik sorkuntzara izena eman diote emanaldiari, «beti» tradizioan oinarritzen direlako euren emanaldia prestatzerakoan, eta txikienen dantzak oinarri hori izango dutelako. Baina, gazteek sorkuntzatik abiatutako koreografia berriren bat ere «estreinatuko» dutela adierazi dute.

TIRALARIEI OMENALDIA

Emanaldiak une berezi bat ere biziko du, 21:00ak inguruan. Izan ere, astelehenean Munduko Sokatira Txapelketatik bost dominekin itzuli ziren Ibarrako Sokatira Taldeko emakume eta gizonak, eta Alurrekoek ikastolarekin eta udalarekin batera omenalditxo bat egiteko aprobetxatuko dute.

Emanaldiaren erdian, tiralariei dantza bat eskainiko diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!