Ibarrako Gaztelekua, zabalik

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 21a

Ibarrako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko asmoz, Gaztelekua inauguratu dute; Azkue auzoan dago kokatuta.

Pasa den urtean Ibarrako gazteen parte hartzearen inguruko diagnosi bat abiatu zuten udalak eta Gaztematika, Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistemak.

Azterketa hori hiru zatitan banatu zuten. Lehen fasean haurrekin kontaktu zuzena duten herriko eragile eta taldeak elkarrizketatu zituzten, eztabaida taldeak sortuz. Gero, ohitura eta mugimenduen arabera herria zonifikatu zuten, jokabideak behatzeko. Eta amaitzeko, inguruko garapen agentzien txostenak kontrastatu zituzten.

Diagnosi horren ondorioetako bat izan zen PSZ, Parte-hartzea Sustatzeko Zerbitzua sortzearena. Beste modu batera esanda, Gazteleku bat sortzearena. "Izen bat asmatu beharko dugu orain" dio hezitzaileetako batek.

Azkue auzoan dago lokala, lehen ludoteka zegoen leku berean. Hilabeteak eman dituzte egokitzapen lanetan. Gazteekin egin dute hori: txukundu, pintatu... Lan horren emaitza ostiralean ikusi ahal izan zuten, orduan inauguratu baitzuten.

Parte hartzeko deia

Gaztelekua kudeatzeaz arduratuko diren hezitzaileek dei egin zieten haurrek bertan parte hartzeko: "Zuek izango zarete protagonistak. Herrian eragile ugari daude, eta gauza ugari antolatzen dituzte. Orain zuek beste bat gehiago izango zarete".

Mikel Agirrezabala alkateak, berriz, gazteekin lana egin behar dela azpimarratu zuen: "Askotan diogu nerabeak etorkizuna direla, baina oraina ere badira. Ideia ugari dituzte eta orain baliabideak emango zaizkie, ideia horiek garatzen laguntzeko".

Bi gaztetxok ere hartu zuten hitza: "Gaztelekua ondo pasatzeko leku bat da, lagunak egiteko. Gauzak antolatzeko aukera dago, zuek proposatzen dituzuenak".

Atea, zabalik da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!