Galtzakomikeko sormenaz gozatzeko garaia iritsi da

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 4a, 08:52

Gaur emango diote amaiera aurtengo Galtzakomik komiki lehiaketari. Zortzigarren edizioa da, eta aurtengoak ere lehiaketa erabat finkatuta dagoela erakutsi du, Galtzakomikeko epaimahaikideen arabera Galtzaundiko egoitzara «komiki mordoa» heldu baita.

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatzen du Ibarran kokatuta dagoen baina, munduarentzat zabalik dagoen komiki lehiaketa hau. Komiki lehiaketa honek helburu bikoitza du. Batetik, komikigintza bera bultzatzea, eta bestetik euskara sustatzea. Honenbestez, eta bi helburuek bat eginik euskal komikigintzari bultzada ematea izaten da lehiaketa honen helburu orokorretako bat.

Lehiaketan hiru maila bereizten dira adinaren arabera: 12 urtetik behera, 12 urtetik 16ra, eta 16tik gora. Epaimahaiak adierazi duenez 12 urtetik beherakoak izan dira emankorrenak, eurak izan baitira kopuruz komiki «gehien» bidali dutenak: «Gaiez anitzenak, kolorez bizienak eta kamustu gabeko sormena azaldu dutenak». Hortaz, gazteenek sormen eta imajinazio faltarik ez dutela argi geratu da.

Gazteen arloan, berriz, epaimahaiari arreta eman diona gaien aukeraketa eta horien inguruan egiten duten hausnarketa izan da: «Mahai gainean jarri dituzten gaiak gure gizarte oker honetako batzuk dira. Txundigarriak egiten zaizkigu, sortzen dituzten konplexurik gabeko hausnarketak».

Azkenik, 16 urtetik gorakoen mailan, «teknologia berrien presentzia» nabarmendu dute epaimahaikideek eta bertan aurkeztutako lanak «ia osatutako artistenak» izan direla ere aipatu dute.

Hiru mailatan erabakita daude jada nortzuk izango diren irabazleak. Hain zuzen ere, gaur egingo da sari banaketa, 19:00etan Ibarrako kultur etxean, eta bertan emango dituzte saridun guztien izenak eta baita sariak ere. Hala ere, ATARIA-k aurrerapen txiki bat eman dezake, eta jakinarazi genezake epaimahaiak maila nagusian «hiruko enpatea» ematea erabaki duela: «Bata bestearen gainetik ez jartzeko arrazoiak asko dira, eta horiek Ibarrako kultur etxera etorrita ikusiko dituzue».

Hala ere, eta esan bezala, maila nagusiko irabazleen izenak eta lanak aurrerapen moduan irakur eta ikus ditzakezue aldizkari honetan. Hiru saridunak honakoak izan dira: Eñaut Aiartzagunea (Soraluze) Demokrazia izeneko lanarekin, Pablo Azurza Garikano (Altzo) Haragia izeneko lanarekin eta Jabi Isasi (Izarra-Urkabustaiz) Amak esan zidan lanarekin. Hiru komikiak hurrengo orrialdeetan daude irakurgai, eta ataria.info web orrian ere aurki daitezke, erresoluzio hobearekin.

Galtzakomiken parte hartu duten lan guztiak ikusgai egongo dira gaurtik abenduaren 11ra bitarte, Ibarrako kultur etxean.

Eñaut Aiartzagunea (Soraluze) Demokrazia 

 

Pablo Azurza Garikano (Altzo) Haragia

 

 

Jabi Isasi (Izarra-Urkabustaiz) Amak esan zidan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!