Babarrunaren bueltan ospatzen den eguna

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 13a, 11:27

Babarrun lehiaketa, sagardoa ateratzeko lehiaketa eta babarrun jatea izango dira igandean

Babarrunaren bueltan jaia antolatu dute Hauspoa elkartekoek igandean Ibarran. Jaione Bengoetxea, elkarteko kideak, azaldu bezala «aspaldi» hasi ziren Deportiva eta Xepla elkarteak babarrun jate bat antolatzen, baina antolakuntza beraien esku uzteko proposamena egin zieten. Hasiera batean, «200 pertsona inguru» biltzen zituen babarrun jatea zen, baina, duela sei urte babarrun lehiaketa txertatzea ere erabaki zuten.

09:00etatik 13:00etara prestatu beharko dituzte bikoteek Tolosako Babarrun elkarteak emandako babarrun kilo bana. Sua eta ura ere antolatzaileek emango dizkiete, eta hortik aurrera «bakoitzak bere trikimailuak» erabili beharko ditu ahalik eta babarrun goxoenak prestatzeko. Gainera, duela urte batzuetatik Ibarran bizi diren atzerritarrak ere lehiaketan parte hartu dute, eta hortaz, ondorengo bazkarian ibartarrek «modu desberdin batean» prestatutako babarrunak dastatzeko aukera izaten dute eta lehian ere sartzen dira. Aurten, esaterako, perutarrak izango dira.

Oraingoz hamahiru bikotek eman dute izena, baina izena emateko aukera gaur amaitzen da eta taberna hauetan egin behar da: Zubiaurre, Atari, Sendi ekintza edo Txumitxan.

Gainera, aurten gonbidatu bereziak izango dituzte epaimahaian. Izan ere, Hauspoak antolatzen duen piperraren azokan Euskal herriko piperren topaketa egiten dute, eta horren bidez ezagututako Ipar Euskal Herriko bi epaile izango dituzte, eta bestetik lehiaketa gastronomikoetan ibiltzen diren sukaldariak ere izango dira.

Sagardoarekin txotx!

Aurten hirugarrenez sagardoa ondoen nork ateratzen duen erabakitzeko lehiaketa ere antolatu dute. Kasu honetan, Rafa Gorrotxategi gozogilea eta Joxe Mari Barriola ibartarra izango dira epaile. Parte hartu nahi dutenek momentuan  izena emateko aukera izango dute.

Bitxikeria moduan aipatu behar da iaz bigarren egin zuela behin ere sagardoa atera gabea zuen kanadar batek.

Hain zuzen ere, lehiaketaren aurretik epaimahaikideei zer baloratzen ote zuten galdetu zien kanadarrak, eta Bengoetxeak azaldutakoaren arabera «garrantzitsua» da sagardo botila dagokien basoetan neurri «antzekoan» ateratzea, eta botatzerakoan «makurtasun egokia eman eta edalontziaren pareta bat» ukitzea. Halaber, botila «buruaren parean» izan behar da.

Bazkaria eta sariak

Txapelketan prestatutako babarrunak eta antolatzaileek prestatutakoak, 14:30ean jango dituzte plazan dagoen estalpean. Txartelak lehen aipatutako tabernetan daude; helduenak 15 euroan eta 16 urtetik beherakoentzat 4 euroan.

Bazkalostean kantuan eta hasteko ohitura izaten dute, eta sari banaketa ere giro bikain horretan egiten dute. Eta sariak ere «pizgarri» politak dira zalantzan daudenentzat. Aurten babarrun lehiaketan bigarrengoek ere izango dute saria. Txapela eta 100 euroko otordua herriko taberna batean irabazleek, eta 50 euroko otordua bigarrenentzat. Sagardoa ateratzen onentzat, irabazleek txapela eta lehenengo eta bigarrenek Ibarrako merkatari elkartean eskutik herriko dendetan gastatzeko opari txartelak jasoko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!