Giza eskubideen alde lan egiteko deia egin du Ibarrako Sare herritarrak

Maier Ugartemendia 2015eko urriaren 28a

Bertso afaria antolatu dute ostiralerako; eta datorren astean batzar irekia egingo dute

Ibarrako Sare herritarra preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lanean ari da, eta horren harira datozen egunetarako hainbat deialdi egin dituzte.

Batetik, ostiral honetan bertan bertso afaria antolatu dute Sendi Ekintza elkartean, Amets Arzallus eta Igor Elorza bertsolariekin. 20:30ean izango da afaria, eta 15 euro balio du txartelak. Sarrerak salgai daude Zubiaurre, Atari, Karlatz eta Arkaitz Azpi tabernetan.

Bertso zale guztiei eta giza eskubideen alde lan egin nahi duten herritarrei, afarirako joateko gonbita egin diete. Hala ere aipatu jada hogeita hamar sarrera inguru saldu dituzte, eta hortaz, antolatzaileek adierazi dutenez «harrera ona» izaten ari da saioa. Horregatik, sarrerak eskuratu nahi dituztenei, ahalik eta azkarren erosteko deialdia egin dute.

Batzarrerako deia

Bestalde, Eguberrietan ere preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde lanean jarraitzeko asmoa dute. Horretarako herritarren sare ahalik eta zabalena eta anitzena sortzea da helburua; norberak bere eremutik lan egitea. Bide horretan azaroaren 3an batzar ireki bat egingo dute ekimen ezberdinak prestatzeko. 19:30ean izango da batzarra, kultur etxean.

Hortaz, preso eta iheslarien eskubideen defentsan lan egiteko prest dagoen herritar orori bertan parte hartzeko deia egin diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!