Aimar Odriozola Euskadiko aurresku txapelketan, txapeldun

Maier Ugartemendia 2015eko urriaren 5a

Argazkia: Alurr dantza taldea

Larunbatean Euskadiko XXXV. Gipuzkoar Aurresku txapelketa jokatu zen, Pasai Antxon.  Ibartarrak lehen aldiz hartu zuen parte 15 urtetik gorakoen kategorian.

Odriozolak kategoria honetan lehen aldia zuen arren, txapela eskuratu zuen. Txapelketa horietan ohikoa den moduan, txapelaz gain, Ibarrako Udalean jartzeko trofeo bat ere eman zioten. Trofeo hori, udaletxean egongo da hurrengo urtera arte. Orduan irabazten duenak bere herrira eraman ahal izango du. Hiru aldiz jarraian herritar berak irabaziko balu txapelketa, herri horretako udaletxean geratuko litzateke betirako trofeoa.

Alurr dantza taldearen izenean, Odriozola  eta bere irakasle den Iñaki Agirre zoriondu nahi izan dituzte, lortutako txapelagatik:  "Herritar guztion partetik, zorionik beroenak Aimar Odriozola ibartarrari eta baita ere txapelketa hauen prestaketetan bere irakasle den Iñaki Agirreri ere. Emaitzak ikusi besterik ez dago egiten duten lana goraipatzeko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!