Maitane Garmendia eta Beñat Doyhartzabal podiumetik podiumera

A. Imaz 2015eko irailaren 29a

Azken bi asteetan, Euskal Herriko Raid ligako hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatu dira. Ibartarrek emaitza bikainak lortu dizute.

Duela bi asteburu Errioxan aritu ziren lehian Maitane Garmendia eta Beñat Doyhartzabal. Bertan, lehen postua eskuratu zuten kategoria mistoan, eta kategoria absolutuan. Lasterketa gogorra izan zela adierazi dute ibartarrek: "Bero handia zegoen, baina inguru zoragarriak igaro genituen bizikleta, korrika, eskalada zein rappela eginez".

Hurrengo jardunaldia azken larunbat honetan izan zen, Elgoibarren. Bertan gertatua honela kontatzen dute Garmendiak eta Doyhartzabalek: "38 taldek hartu genuen parte, eta kategoria mistoan lehen postua lortu genuen. Proba bost ataletan banaturik zegoen: herri orientazioa, mendi bizikleta, erreka jaitsiera, trekking, boloak eta zaku lasterketa egin behar izan genituen, besteak beste".

Euskal Herriko Raid Liga amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen da. Urriaren 17an izango da azken lasterketa, Arratian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!