Mendi duatloia eta txirrindulari proba, Ibarran

A. Imaz 2015eko irailaren 10a

Korrikalarientzat eta txirrindularientzat asteburu aproposa antolatu dute Ibarran. Larunbatean, Ibarrako V. Mendi Duatloia jokatuko da, eta igandean, 34. San Bartolome Saria.

Mendi duatloian hiru proba egongo dira. 11:00etan, 7-13 urte bitarteko haurrak irtengo dira. 16:00etan, proba herrikoiaren txanda izango da. Mendian hiru kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrika, ondoren, 7,5 kilometro bizikletaz, eta 2 berriro korrika. 16:10ean izango da proba luzea. Mendian 6 kilometro korrika eginaz hasiko dira. Bizikletaz 15 egin beharko dituzte, eta korrika berriro, 3 kilometro.


Irteera eta helmuga Ibarrako plazan egongo dira. Bertan, kirol aktibitatea amaitu ondoren, afari merienda egongo da parte hartzaile guztientzat. Izena emateko, www.mendiduatloia.com webgunean jarri dute  aukera.


Antolatzaile lanetan, Ibarrako Sendi Ekintza Elkartea eta Kirol Elkartea aritu dira; udalaren babesarekin.

Txirrindulariak, igandean
Ibarran, jubenilen mailako 34. San Bartolome Saria igandean jokatuko da. Irteera eta amaiera Ibarran izango dira. Parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira, eta helmugan, 11:50ak inguruan egotea aurreikusten da. 75 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek, eta tartean, Altzo eta Leaburuko gainak pasa beharko dituzte; helmugatik hamabi eta lau kilometrora egongo diren mendateak.


Probaren antolatzaile lanetan Ibarrako Kirol Elkartea aritu da, Ibarrako Udalaren babesarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!