Bukatu da Alurr Eguna, baina ez Gazte Festak

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko ekainaren 13a

Ekitaldiak pilatu zaizkie ibartarrei; atzo hasi ziren Gazte Festak eta aurten horretaz gain Alurr Eguna ospatzen ari dira gainera. Gaur goizean herriko dantzari txikiek hartu dute plaza eta urtean zehar ikasitakoa erakutsi dute jendaurrean. Arratsaldean tortilla jatea egin dute Gazte Festen barruan.

Dantzari txikiz bete da gaur goizean Ibarrako plaza. Alurr Eguna bitan ospatu dute aurten; atzo jaialdia egin zuten, gauean, Euskal Dantzako Elementuak lelopean. 110 gazte inguruk hartu zuten parte eta ondoren, Gaztetxearekin batera antolatutako erromeria egon zen.

Gaur goizean berriz,  dantzari txikien txanda izan da, ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsi dute plazan, eta herriko piparraren inguruan egindako kanta ere aurkeztu dute.

Alurr Eguneko ekitaldiak bukatu dira jada, baina ez Gazte Festak. Bihar bitarte bada zer egina Ibarran. Gaur 18:00etatik aurrera tortilla jatea egingo dute plazan eta 19:30ean bertso saioa egongo da Gaztetxean. Indarra hartzeko barrikotea egingo dute ondoren, eta sorpresa zein ekitaldia egongo dira Gaztetxean 23:00etan. Gauerdian Sorginak 2.0 emanaldia egongo da, eta Zesumaren erromeriarekin eta Elepunto DJaren doinuekin bukatuko dute gaua.

Bihar berriz, 19:00etan Katramila eta Taldea-ren Hil ala bizi antzezlana ikusi ahal izango da Gaztetxean eta ondoren, talo jatea egingo dute jaiei amaiera emanaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!