Bi egunetan banatuta ospatuko du aurten Alurrek bere eguna

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 9a, 11:32

Alurr dantza taldeak bere eguna ospatuko du ostiral eta larunbatean. Aurten bitan banatu dute ospakizuna, Gazte Festak baitira Ibarran. Ibarra Piparra kanta ere aurkeztuko dute.

Aurtengo Alurr Eguna bi zatitan ospatuko dute, ekainaren 12an eta 13an. Ekainaren 12an, Alurrekin dantza egiten duten gazte guztiek 22:00etatik aurrera eskainiko dute jaialdian hartuko dute parte. Ibarrako plazan ariko dira eta aurten 20. urteurrena ospatzen dutenez, lehenago, 21:00etan, taldearen ibilbidean modu batera edo bestera parte hartu duten guztiak elkartu eta zerbait jango dute.

Jaialdiko leloa Euskal Dantzako Elementuak izango da eta 110 gazte inguruk hartuko dute parte. Alurr dantza taldeak esan duenez emanaldi "hunkigarria eta berezia" izango da 20. urteurrenaren ospakizuna dela eta: "Nahiz eta urte asko ez izan, guretzat oso biziak izan dira, azken urteotan proiektu ugari burutu ditugulako, ikuskizun ugari estreinatu ditugulako eta bidaia ugari egin ditugulako. Talde bakoitza elementu baten inguruan ariko da, eta beti bezala dantza eta musika errepertorio askotarikoa eta alaia eskaintzen saiatuko gara, jantziak arreta handiz zainduz. Jende oro gonbidatzen dugu eta, batez ere, Ibarrako herritarrak, Alurr dantza taldearentzat hain berezia izango den egun hori ospatu dezaten".

Jaialdia eta gerorako Bide Batez taldearen erromeria antolatu dute Alurrek eta Gaztetxeak.

Alurr Egunaren bigarren zatia larunbatean izango da eta haurren txanda izango da. 10:30ean bilduko dira Ibarrako plazan eta haurrei hamaiketakoa emango diete. "Jarraian haurrek egun horretarako ilusio eta maitasun guztiarekin prestatu dutena eskainiko digute. Ilusio handiarekin prestatu duten ikuskizun bat, askotarikoa eta alaia, eta ikasturte amaierako jai bat izango balitz bezala gozatuko dute", azaldu du Alurrek.

Jarraian, "sorpresa gisa", Ibarrako piperraren inguruko kanta berria aurkeztuko dute. "Herriko jende ugarik osatu dute, musikariek, kantariek... eta Alurr dantza taldeko irakasle gazteek koreografia bat egin diote kantari. Egun horretan proiektuan parte hartu duten guztiek jendaurrean aurkeztuko dute kanta, eta Alurr dantza taldeko hiru haur taldek dantza egingo dute. Jarraian, hamaiketakoa izango da parte-hartzaile eta ikus-entzule guztientzat. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu haurrentzat hain berezia den egun horretan parte hartzera", gaineratu dute.

Egitaraua

Ostirala, ekainak 12

  • 21:00etan Alurr dantza taldearen 20 urteko ibilbidean parte hartu dutenak elkartuko dira mahaiaren bueltan.
  • 22:00etan eskolaren ikasturte amaierako jaialdia, Euskal Dantzako Elementuak lelopean.
  • 00:00etan erromeria Bide Batez taldearekin.

Larunbata, ekainak 13

  • 10:30ean dantza taldeko haurren emanaldia, plazan
  • Ondoren, Ibarra Piparra abestiaren aurkezpena. Alurreko irakasleek prestatutako koreografia dantzatuko dute taldeko hiru haur taldek.
  • Ondoren, hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!