Mumbaiko neskei laguntzeko deia, Ibarratik Misio Taldetik

R. Calvo 2015eko maiatzaren 28a

Sexu-jazarpena pairatzen duten neskekin lan egingo duen etxe baterako da laguntza

Ibarratik Misio Taldeak Mumbain, Indiako Maharashtra estatuko hiriburuan, sexu-jazarpena pairatzen duten emakume gazteak laguntzeko etxe bat eraikitzen lagundu nahi du, Zoila Amaren etxea izango litzakeena. Izan ere, Bombayn neska gazte asko prostituzioan lana egitera behartzen dituzte eta laguntza behar dute. Orain Barthi proiektuarekin laguntzen diete, izen bereko etxean, baina bertan 13 eta 18 urte arteko emakumeak zaintzen dituzte, eta ondoren, 18 urteak beteta, Indiako Gobernuak kudeatutako etxeetara edo etxe partekatuetara joaten dira. Emakumeak, dena den, ez daude gustura aukera honekin, eta hori dela eta sortu nahi dute Zoila Amaren etxea.

Etxe hori trantsizio etxea izango litzateke, Barthi proiektuko emakumeak bi edo hiru urtez luzatu ahalko lukete jasotzen duten babesa. Ibarratik Misio Taldeak esan duenez helburua argia da: «Traumak betirako osatu ahal izatea aholkularitza terapiaren bidez». «Orduan bai, beraien iragana beste begi batzuekin ikusi ahalko dute, beste errealitate batekin, lanbide heziketarekin jarraitzeko aukera izango dute, ikasketak burutu eta autonomoak izan», gaineratu dute.

Etxearen jabetza eta administrazioa Carmelitas de la Caridad elkarteak izango luke, eta bertan 18-20 urte arteko 10-15 neska jaso nahi dituzte. Proiektua aurrera ateratzeko laguntza asko behar dute, izan ere, etxea erosi edo alokatu behar da, altzariak, ordenagailuak... jarri. Era berean, terapia eta formakuntza emateko pertsonak kontratatu behar dituzte. Etxearen doikuntzarako gastuak 6.929 eurokoak dira eta urteko aurrekontua 8.918 eurokoa.

Elkartasun pintxo potea

Ibarratik Misio Taldeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar dirua biltzeko, horrela India, Ekuador eta Hondurasen dituen proiektuak laguntzeko. Horietako bat da elkartasun pintxo potea. Aurten ekainaren 7ko goizean izango da. Plazan egingo dute eta laguntza eskatu dute postua jarri eta kentzeko.

Laguntzeko

Ibarratik Misio Taldea: Pintxo potean laguntzeko edota beste proiektuetan laguntzeko (Xabier) telefonora deitu daiteke.

Mumbairako diru ekarpenak egiteko kontua: (Kutxabank) 2095 5043 97 1062974910.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!